EH Bilduk Dendartean merkatarien elkarteko agerraldia elkartu du Batzar Nagusietan, outlet herrixka proiektuari buruzko iritzia azaldu dezan.
Zaldunbordaren aurka maiatzean eginiko elkarretaratze jendetsua
EH Bilduk Gipuzkoako merkatari txikiak batzen dituen Dendartean elkartearen agerraldi eskaera erregistratu du Batzar Nagusietako Sustapen Ekonomikoa, Landa Gunea eta Lurralde Orekako batzordean, Zaldunbordaz duten iritzia azaldu dezaten. Gaintxurizketako eremuan eraiki nahi duten outlet herrixkaren kontrako hainbat ekimen iragarri ditu koalizioak, eta merkatarien iritzia ezagutzeko eskaera da aurrenekoa.
Koalizioak uste du “oso larria” dela Zaldunbordarako planteatzen den 100 saltoki inguruko azpiegitura, 40.000 metro koadro hartuko lituzkeena, eta 1.000 autorentzako aparkalekua beharko lukeena. Hidrokarburo enpresa batek Hondarribiko Udalari egin dion proposamenean, urtero sei milioi erosle potentzial aurreikusten dela nabarmendu du.
EH Bilduren batzarkide Judit Garciaren iritziz, “eskualdean eta lurralde osoan eragina” izango luke proiektuak: “Beste garai bateko planteamendua dirudi eta inpaktu oso negatiboa izango luke. Ikuspegi sozioekonomiko batetik, lanpostu prekarioaren sorrerarekin batera milaka lanpostuen suntsiketa ekarriko du eta merkatari txikien sektorean ondorio oso larriak”.
Gainera, Zaldunborda Jaizkibel eta Aiako Harria lotzen dituen korridore ekologikoan kokatzen dela erantsi du Garciak: “Ingurumeneko ikuspegitik, inpaktu handia izango luke, eta korridore ekologikoari kalte egingo lioke. Epe ertain, luzera begira, onuradun bakarra enpresa ustiatzailea izango da”.
Horregatik, proiektua geldiarazteko eskatu du koalizio abertzaleak, eta beste eredu ekonomikoaren aldeko jarrera eskatu du: “Gure herriek beste garapen eredu bat behar dute, gure kultura, ingurunea, langileen baldintzak eta denontzat bizimodu duina bermatzen duen garapen eredu iraunkorra. Proiektu honek talka egiten du herritarron benetako beharrak asetzeko era bidezko batean behar den tokiko garapen orekatuarekin”.