Hamabi sortzaileren lanak erosteko aukera izango da. Itsas Etxetik kanpora, hamazazpi komertziok kalera aterako dituzte euren produktuak.
Bihar eta etzi, asteburuan egingo dute II. Basque Market azoka Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean.
Hamabi sortzaile bilduko ditu aurten, Hondarribiko lau, eta beste launa Baiona eta Iruñekoak. Izan ere, hiru udalerriek abian duten Creacity ondarea sustatzeko programarekin bat eginda aurkeztu da aurtengo ekitaldia.
Bi egunez eta goiz eta arratsaldez egingo dute azoka, 10:00etatik 20:00etara, eguerdian gelditu gabe. Azokaz gain, haurrentzako tailerrak izango dira SantaMariaMadalena tailerraren eskutik, eta zuzeneko musika, The Icer Company, Los Secos, Oso Fan eta Lauroba (behean, ordutegiak). Azokara sartzea, kontzertuak barne, doan izango da.
Horrez guztiaz gain, bi artista donostiar gonbidatu dituzte antolatzaileek, Jone Lizarralde
Non Super Heure eta Oihana Pardo, Amarenak enpresaren sortzailea. Lizarralde lanean ikusteko aukera izango da asteburuan zehar; Hondarribiko Alde Zaharreko maketa bat prestatuko du paperarekin. Eta baserritarren kaikua modernizatu duen Amarenak-ek erakusketaria jarriko du Itsas Etxeko auditorioan.
Kalean, merkatariak
Iaz 3.700 pertsona hurbildu ziren azokara, baina hori baino gehiago, sortzaileen arteko elkarlana bultzatzea da Hondarribiko Udalak eta Oskarbi enpresa antolatzaileek bilatzen dutena.
Itsas Etxeko hormetatik kanpora, Portu auzoko 17 komertziok bat egin dute Basque Marketekin, eta kalera aterako dira asteburuan (ikusi zerrenda
eskuorrian).
Kaikua modernizatu duen Amarenak diseinatzaileak parte hartuko du Basque Marketen
Kontzertuak
Larunbata
- 13:00etan, Los Secos.
- 20:00etan, The Icer Company.
Igandea
- 13:00etan, Oso Fan.
- 20:00etan, Lauroba.