Udalarekin akordiora iritsi dira musika eskolako langileak. Zor zaiena kobratuko dute eta datorren ikasturtea bermatuta dago.
Kultur Etxea gaur goizean, kartelik gabe. Gaur ez da parorik egingo
Soldatak kobratuko dituzte, eta datorren ikasturtean musika eskola izango dela bermatu dute. Hori da atzo udalak eta Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolako langileen ordezkariek adostu zuten konponbidea. Azken bi hilabeteetan —maiatza hirugarrena—, soldata kobratu gabe lan egin dute zentroko 25 langileek, eta joan den astean mobilizazioak hasi zituzten, neguan udalarekin hartutako konpromisoa atzeratzen ari zirela ikusirik.
Ordubeteko geldialdiak egiten hasi zirenetik, mugimendu handia izan da Denda kalearen eta Kale Nagusiaren inguruan. Bilera asko, eta langileek babes handia izan dute, guraso gehienena, oposizioko alderdiena, eta abar.
Asteazkenean zentroko batzorde berriko hiru kide udal gobernuko ordezkaritza batekin elkartu ziren. Atzo, berriz, udaleko alderdi desberdinek bilera egin zuten, eta bilera horren ondoren iritsi zen akordioa. Udalak, zor zaien dirua ordainduko zaiela eta eskolak datorren ikasturterako diru-laguntza jasoko duela bermatu zien langileei, eta hauek mobilizazioak bertan behera uztea erabaki zuten.
Gaur goizean musika eskolako administrazio batzorde berriko kide diren Esther Barandiaran eta Xabi Saenz irakasleekin elkartu da HITZA. Oraindik ez dute soldatarik kobratu, baina, aurreko astean ez bezala, gaur irribarrez azaldu dira Kultur Etxeko gidaridun atea zabaldu denean.
Gustura akordioarekin?
[Biek batera] bai, oso pozik.
Asteazkenean bilera izan zenuten udalarekin. Zertaz hitz egin zenuten asteazkeneko bileran?
Barandiaran: Bileran egoera aztertu genuen, premiazko neurriak hartu behar zirela azaldu genuen. Hori da mahai gainean jarri zena.
Eta akordioa, orduan lortu zenuten?
Saenz: Ez, akordioa atzo izan zen, ostegunean. Atzo bilera izan zuten alderdien artean eta horren ondoren deitu ziguten, orduan iritsi zen konponbidea.
Barandiaran: Oso kontent gaude egoera desblokeatu delako. Horrek suposatzen du hurrengo ikasturteari begira jarri gaitezkeela, matrikulak ateratzeko laster hasiko gara martxan.
Orduan, aurten zor zaizuena kobratuko duzue, eta datorren ikasturtea izango da. Hori da akordioak bermatzen duena?
Saenz: Hori da. Udalekuak ez dira egingo, baina datorren urterako aurre-matrikulazioa bere garaian egingo da, ekaineko bigarren hamabostaldian. Gurasoei astelehenean jakinaraziko zaie.
Barandiaran: Gainera beste animo batekin jarriko gara horrekin, gertatu dena eta gero.
Zer esan nahi du akordioa lortu izanak?
Barandiaran: Nik uste dut argi geratu dela denon nahia dela musika eskolak jarraitzea. Egia da gertatu denak bidea irekitzen duela gogoeta egiteko, eta gu prest gaude irailean berriro gogoeta horretan parte hartzeko. Baina momentuz, jarraitzeko akordioa lortu dugu.
Saenz: Aste honetan ez dugu eskolaren formatuaz hitz egin, baina udala konturatu da hainbeste handitu den eskola batek ezin duela formatu honekin funtzionatu.
Akordioa ezagutu eta gero, beste langileekin elkartu zineten. Elkarrekin aritu zineten protestaldiko kartelak kentzen. Zer zioten beraiek?
Barandiaran: Arnasa hartu dute. Denbora askoan zulo batean egon gara, bi astez mobilizatu gara, baina arazoa oso atzetik zetorren, eta oso gogorra izan da. Akordioarekin arnasa hartu dugu.
Saenz: Denok bat egin dugu arazo hau konpontzeko, eta hori oso inportantea izan da konponbidea lortzeko.
Gaur ez da mobilizaziorik egingo?
Barandiaran: Ez, geletara itzuliko gara, gure lana egitera, egiten dakiguna egitera. Hori ere, guretzat, oso inportantea da, behar genuen. Eskerrak eman nahiko nizkieke denei, alderdi guztiei, gurasoei, zuei kazetariei, ondoan izan ditugun guztiei. Hau denon artean mugitu da, denon artean konpondu da. Eskola ireki delako lortu da konponbidea, eta hemendik aurrera ere eskola irekia izatea nahi dugu, eta izango da.