Egun osoko jaia prestatu dute larunbaterako Arrantzale Auzoan. Eguerdian euskararen aldeko kalejira egingo dute, itsasoan hasita.
Arantxa Berotaran, Martin Lizeaga eta Estitxu Arretxe, astearteko aurkezpenean
Hondarribiko Blagan Euskara Elkarteak Blagan Eguna ospatuko du etzi, larunbatez,
Itxeki euskarari leloarekin. Printzipioz, Portuan da egitekoa, Arrantzale Auzoan. Baina iragarri duten eguraldia ez da ona, eta Euskalmetek asmatuko balu, Soroetako frontoian egingo lukete, aterpean.
Batean edo bestean, festa mundiala egin nahi dute, euskaldun ez direnak ere euskaraz blagan jartzeko modukoa. Egun osoko festa izango da, 11:00etan hasi eta gauera arte luzatuko dena. Asteartean aurkeztu zuten udaletxean, eta bertan izan ziren Arantxa Berrotaran Euskara zinegotzia, eta Martin Lizeaga eta Estitxu Arretxe Blagan Euskara Elkarteko kideak. Hirurek azaldu zutenez, “euskara kalera jai giroan ateratzeko helburua” du larunbateko egun osoko ekitaldiak.
Lizeagak gogorarazi zuenez, erabilera kezkagarria zelako sortu zuten elkartea, eta helburu horrekin egingo da lehen Blagan Eguna: “Duela bi urte euskarak duen erabilera eta egoera kezkagarria ikusita sortu genuen elkartea. Kalean euskararen presentzia indartzea da helburua, eta Hondarribiko euskal komunitatea trinkotzeko asmotan sortzen dugu eguna, festa eta jai giroan egin nahi dugu ekimena”. Berrotaranek egin duten esfortzua eskertu zien Blaganeko kideei: “Udalarekin lankidetzan aritu da Blagan, baina beraiek egindako proposamena da, euskara kalera ateratzeko; prestakuntzan egiten ari diren lan handia eskertu egin nahi dut. Hondarribiarrei parte hartzeko deia egin nahi nuke, ia egun bikaina egiten dugun denen artean”.
Larunbatean, goiz goizetik herritarrak kutsatu nahi ditu Blaganek. Hala, 11:00etatik aurrera musika animazioa izango da eta 12:00etatik aurrera irratsaioa eskainiko dute zuzenean. Nikolas Alday eta Koldo Emery esatari lanetan ariko dira, eta elkarrizketak, musika eta bestelakoak entzungo dira Blagan Egunerako propio prestaturiko irrati emanaldian.
Prestatzen ari diren ekitaldi ikusgarrienetako bat euskararen aldeko kalejira izango da, Korrikaren antzera euskararen aldeko lekukoa —pankarta bat eramango dute lekuko gisa—, kalez kale zabalduko duena. Herriko arraunlariek hasiko dute ibilbidea haien egoitzan, 13:00etan, eta itsasoz Kai Zaharrera eramango dute lekukoa; hortik aurrera, herritar guztiei egin diete deia lekukoa hartzeko; dagoeneko lortu dituzte atxikimendu batzuk, Abiyuan txarangarena, Erraldoi eta Buruhandien konpartsarena…
Mosaikoa, abendura begira
Blagan Eguna probestuz, eguerdian, ekimen berezi baten aurkezpena egingo dute. Euskararen nazioarteko egunari, hau da, abenduaren 3ari begira,
Itxeki euskarari mosaikoa egin nahi du Blaganek, eta 500 hondarribiarren argazkiak behar dituzte horretarako. Blagan Egunean aurkeztuko dute ideia, 14:00etan, bazkariaren aurretik, eta nahi duenak aukera izango du argazki kameraren objektiboaren aurretik pasatzeko, larunbatean bertan hasiko baitira argazkiak biltzen.
Eguraldia lagun, Arrantzale Auzoan bazkalduko dute, bestela, Soroetan. Bazkari handia izango da, 100 lagunetik gora baitaude izena emanda.
Bazkalosterako festa handia iragarrita dago. Aurrena, dantza gidatuak Ttipika taldearekin; gero, modu librean Hondarribiko Elektropatxarangarekin. Gauera arte luzatuko da lehen Blagan Eguna. Herritarrak piztu nahi dituzte, euskarari itxeki eta urte osoan eutsi diezaioten. Batez ere erabileran eragin nahi du euskara elkarteak, herritarrak blagan jarri, eta asmo horretan mugarri izan nahi du ekainaren 3ak.
Bihar elkarrizketa
Bihar, ostiralez, Blagan elkarteko Ainhoa Olaizola eta Ainhoa Elias kideei eginiko elkarrizketa argitaratuko du Oarso Bidasoko HITZAk, papereko edizioan. Besteak beste, elkartera gazteak erakarri nahi dituztela azaldu diote HITZAri bi euskaltzaleek.
Ainhoa Olaizola eta Ainhoa Elias, Blagan Eguneko kartelak jartzen