Ekainaren 2tik 14ra Erdi Aroko X. Pintxo Lehiaketa egingo dute Hondarribian. Irabazlea azaroan Guardian egingo den txapelketara joango da.
Ekainaren 2tik 14ra egingo dute herriko kanporaketa
Hondarribiko hamar jatetxek hartuko dute parte Erdi Aroko X. Pintxo Lehiaketan. Bakoitzak pintxo bat prestatu behar du, Erdi Aroan Europan ezagutzen ziren osagarriak erabilita, eta ekainaren 2tik 14ra eskainiko du bere barran. Gaur egin dute aurkezpena, udaletxean, eta bertan izan dira Maria Serrano Turismo zinegotzia eta sukaldarietako eta epaimahaiko kideetako batzuk.
Hamar pintxo eta helburu bakarra, herriko lehiaketa irabazi eta azaroan Guardian (Araba) egingo den X. Erdi Aroko Pintxo eta Tapen Nazioarteko Txapelketarako sailkatzea. Antxiña, Danontzat, Enbata, Gran Sol, Hondar, Larra, Ondarribi, Sardara, Sugartoki eta Uralde jatetxeek parte hartuko dute Hondarribiko kanporaketan. Hortaz, hamar leku horietan izango da lehiaketako pintxoak dastatzeko aukera.
Txapelketan parte hartuko ez duten hiru sukaldarik osatuko dute epaimahaia: Arraunlari Berriko Aitor Amutxastegik, Laiako Jon Aialak eta Arroka Berriko Gorka Cepedak. Serrano zinegotziak haien laguntza eskertu du: “Kalitate handiko ekitaldia egin nahi dugu, eta hartarako maila handiko profesionalak eta epaimahai profesionala ditugu, eta haiek aukeratuko dute Hondarribiko ordezkaria Guardian egingo den txapelketarako”.
Egonaldia Errioxan
Adituen epaimahaiaz gain, herri epaimahaiaren saria ere egongo da, bezeroek emandako boto gehien jasotzen dituen pintxoaren sortzaileari emango zaiona.
Guardia herrian bi pertsonentzako egonaldia gosaria barne, hori da herri epaimahaiaren saria erabakitzen laguntzeagatik irabazi daitekeena. Ekainaren 14a baino lehenago bozkatu behar da turismo bulegoetan —Arma Plazakoan nahiz kirol kaikoan—, eta parte hartzen dutenen artean zozkatuko da egonaldi hori Arabako Errioxan.