Iker Oliveri, bigarren beteranoa Zegama-Aizkorrin
Sailkapena orokorrean 21. helmugaratu zen, seigarren euskalduna. Orain arteko bere marka onena hamar minututan hobetu du.
Iker Oliveri hondarribiarrak podioa zapaldu du XVI. Zegama-Aizkorri Mendi Maratoian. Beteranoen Mailan bigarren sailkatu zen, Marco Di Gasperi italiarraren atzetik. Igandean egin zuten eta, orotara, 467 kirolari iritsi ziren Zegamako helmugara. Oliverik 4 ordu, 16 minutu eta segundo bat behar izan zuen ibilbidea osatzeko, probako irabazle eta marka berria ezarri duen Stian Angermun norvegiarrak baino 30 minutu eta 53 segundo gehiago. Bataz beste kilometroa 6 minutu eta 4 segundotan egin zituen hondarribiarrak. Euskal kirolariei dagokienez, seigarrena geratu zen Oliveri, lehenengoa euskal beteranoetan. Orain arteko markarik onena hamar minutu eta erdian gainditu du, 2016an egindakoa. Orduan 36. postuan bukatu zuen. Hau da, denboran ez ezik, postuetan ere jauzia eman du, duela bi urte baino 15 postu hobetu baititu. Beste lau hondarribiar Joxe Amunarrizek ere lasterketa bikaina egin zuen igandean. Bera izan zen bigarren hondarribiarra Zegamako helmugan. Bigarrenez lehiatu zen Zegama-Aizkorrin eta 50. postuan sailkatu zen, 4 ordu eta 32 minutuko denbora egin eta gero. Postuetan antzera ibili da —2016an, 47. geratu zen—, baina bere marka ia 19 minutuetan hobetu du. Beste hiru hondarribiar iritsi ziren helmugara: Iñigo Garmendia (151. postua; 4:58:14), Joseba Llorente (209. postua, 5:23:47), eta Jon Ugarte (220. postua, 5:27:39).