Adaxka Dantza Taldeko haurrek eman diote amaiera Hondarribia Dantzani. Kemeneko harrobiak kolorez eta dantzez bete ditu Portua eta Alde Zaharra
Adaxka taldeko dantzariak, Damarri plazan
Adaxka Dantza Taldeko haurrek eman diote amaiera Hondarribia Dantzan 2017ri. Bezperan Berako Gure Txokoa eta Berrizko San Lorentzo taldeek egin bezala, Kemeneko harrobiak kolorez eta dantzez bete zituen igande eguerdian Hondarribiko Portu auzoa eta Alde Zaharra. 200 haur inguruk parte hartu zuten ibilbidean.
Santa Maria Madalenak hasi zuten bidea eta bi geldialdi egin zituzten dantza egiteko, Kai Zaharrean eta Damarrin. Arma Plazan egin zuten azken ekitaldia. Dantza agerketa ikusgarria burutu zuten bertan, gurasoen eta aho zabalik geratu ziren bisitarien gozamenerako.
Ikasturteko azken saioa zuen Adaxkak atzokoa eta, ospatzeko, Guadalupera igo ziren denak bazkaltzera, irakasle, begirale, musikari eta, noski, baita haur dantzariak ere.