Inma Serrano eta Luis Ruiz marrazkilariek helduentzako tailerra emango dute goizean. Arratsaldean margotzeko ibilbidea gidatuko dute.
Inma Serranoren marrazki bat, urriko bisitan eginikoa
Inma Serrano eta Luis Ruiz marrazkilariekin batera Hondarribia margotzeko aukera izango da larunbatean, Hondarribiko Udalak antolatutako Hondarribia Marrazten jardueraren barruan. Goizez marrazki tailerra emango dute, helduentzat, eta arratsaldez hiria marrazteko ibilaldia egingo dute, Arma Plazatik abiatuta. Bi ekitaldiak doan eta irekiak dira, baina ezinbestean izena eman behar da; tailerrerako lekua mugatua da gainera.
Jarduera, Baionak, Iruñeak eta Hondarribiak elkarlanean abian duten Creacity programaren barruan kokatzen da. Hiru hirietako ondare gotortuan oinarritutako produktu turistiko eta kulturalak sortzea du helburu Creacityk, eta Europak Batasunaren mugaz gaindiko lankidetza programari (POCTEFA) lotuta dago.
Iazko urrian, Serranok, Ruizek, eta beste lau marrazkilarik (Sagar Fornies, Jorge Arranz, Josu Maroto eta Tazab) hiru hiriak bisitatu zituzten, eta
leku esanguratsuetan marrazten ibili ziren. Orduan abiatutako bidearen bigarren urratsa da Hondarribia Marrazten. Larunbat honetan Hondarribia marraztuko dute eta aurrerago antzerako ekintzak burutuko dituzte Lapurdi nahiz Nafarroako hiriburuetan.
Bi ekitaldiak, irekiak
Hiria margotzeko tailerra, goizez, eta ibilaldia, arratsaldez. Hori da larunbaterako antolatu duten plana. Goizeko tailerra helduentzat izango da, eta 30 lagunentzako tokia dago; 10:00etatik 13:30era egingo dute. Izena eman nahi duenak BAZen eman behar du izena, bertaratuz, 943 11 12 13 telefono zenbakira deituz edo
posta elektronikoz idatziz; ostegunean bukatzen da epea. Udalak jakinarazi du ez dela aldez aurreko ezagutzarik eskatzen, izan ere, helburua marrazteko zaletasuna bultzatzea da.
Ibilaldia, berriz, arratsaldez egingo dute, eta horretarako ez da jende mugarik egongo, baina izena eman behar da. 16:30ean abiatuko dira eta zazpiak arte ariko dira kalez kale margotzen. Tailerra bezala, Serranok eta Ruizek gidatuko dute ibilaldia. Helduek lagunduz gero, haurrek ere parte hartu dezakete arratsaldeko ekintzan. Hori bai, heldu edo haur, parte hartu nahi dutenek euren materiala eraman behar dute: A5 koadernoa (150 gramokoa gutxienez), arkatza, errotuladorea eta akuarelak.
Larunbatean ere, erakusketa abiatuko dute Arma Plaza kultura eta turismo gunean. Iazko urrian sei marrazkilariek hiru hirietan eginiko lanak bildu dituzte, eta ekainaren 4ra bitarte erakutsiko dira.