Oreretan irabazita salbazioa lortu du taldeak, azken 27 puntutik 23 lortuta. Bolada historikoaren ondoren, ligako azken partidan festa izango da Hondartza.
Gutxi pentsatzen zuten taldea azken jardunaldira salbazioa lortuta iritsiko zenik
Datorren urtean berriro Ohorezko Mailan jokatuko du Hondarribia FE-k. Larunbatean 0-2 irabazi zioten berdeek Touring taldeari Oreretako Fanderian, eta salbazioa gauzatu dute. Azken jardunaldian Hernani jasoko dute Hondartzan. Hernaniarrek liga izango dute jokoan, etxekoek, aldiz, zortzigarren tokia. Zeinek imajinatuko zukeen egoera hori duela bi hilabete, sailkapeneko 17. zeudenean eta salbazioa bost puntura zutenean.
Miraria gauzatu du taldeak, gogoratzeko moduko bolada. Azken bederatzi partidetan 27 puntutik 23 lortu ditu, bi berdinketa eta zazpi garaipen, horietako lau etxetik kanpora. Ia miraria behar zuten berdeek mailari eusteko, eta miraria egin dute, azken aurreko partidan gauzatu baitute salbazioa. Inolako dudarik gabe, historikoa izan da Hondarribia FE-ren ligaren azken herena.
Lehen itzulia 13 punturekin bukatu zuten hondarribiarrek, bigarrenean 30 daramatzate. Izugarria izan da, eta hori aurkariek ez dutela erraz jarri. Martxoan Vasconia taldea zen salbazioko lehen postuan zegoen taldea, Hondarribiak baino bost puntu gehiago zituena. Eta azken bederatzi partidetan bi partida baino ez ditu galdu, 17 puntu pilatu dituzte, eta beraiek ere salbatu dira. Aurkariek egin dutena begiratuta, harrigarriagoa da hondarribiarren balentria. Anaitasuna liderrak baino sei puntu gehiago lortu ditu Hondarribia FE-k azken bederatzi jardunaldietan.
Baikorrenek Hondarribia azken partidaraino maila eusteko aukerekin iritsi zitekeela pentsatzen zuten, eta egun horretan Hernaniren kontra Hondartzako harmailak leporaino bete beharko liratekeela, taldeari azken bultzada emateko. Bada beteko dira, baina ez sufritzeko, festarako baizik. Inork gutxik uste zuen partida horretan taldea salbatuta egon zitekeenik, eta hori ospatuko dute zaleek. Eta taldeak zaleen berotasuna eskertuko du, azken irteeretan lagun izan dituztenena eta, batez ere, hotza ala beroa egin urte osoan zehar huts egiten ez dutenena.
Festa handia bizituko da larunbatean Hondartza futbol zelaian, eta ez da gutxiagorako. Izan ere, ohorezko miraria gauzatu du Hondarribia Futbol Elkartearen lehen taldeak.