Azken astea zozketako sariak jasotzeko
Hondarribia-Katsikas kezkatuta dago opari asko falta direlako banatzeko. "Jende askok uste du guretzat ona dela, baina ez da horrela"
Datorren ostiralean, hilak 26, bukatuko da apirilaren 22ko zozketa solidarioan saritutako 386 opariak jasotzeko epea. Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldeak deia luzatu die sarituei, oparien bila joan daitezen. Puntaleko eskola zaharrean banatzen ari dira egunero, 09:00etatik 11:00etara eta 18:00etatik 20:00etara (ostegun, larunbat eta igandetan goizez bakarrik). Hondarribia-Katsikaseko presidente Mari Jose Aseginolaza kezkatuta azaldu da opari asko falta direlako banatzeko: “Hiru astean oparien erdia banatu dugu gutxi gorabehera, beste erdia falta da. Pentsatzen dugu jende askok uste duela guretzat hobe dela opariak ez hartzea, baina ez da horrela. Batetik, opari horiek galduko lirateke, eta bestetik, zozketaren helburuetako bat bete gabe geratuko litzateke, dohaintza egin duena eta sariduna harremanetan jartzeko helburua ez litzatekeelako beteko”. Horregatik, hilaren 26a eta gero zer egin aztertzen ari da elkartea: “Gauza bat argi dugu, opari guztiak banatu behar ditugu. Nola egin erabaki behar dugu, baina zozketan lagundu nahi izan duten guztiek izango dute laguntzeko aukera”.