Aurten ere 'blue' izango da Hondarribia Blues jaialdiko kartela
Javier Balda eta Javier Mina iruindarrek irabazi dute kartel lehiaketa, 'Blue Bluesman' lanarekin. Uztailaren 13tik 16ra egingo da aurtengo ekitaldia.
Javier Balda eta Javier Mina iruindarren Blue Bluesman izango da Hondarribia Blues Jaialdia iragarriko duen kartela. Bi artista nafarrek “blue” (urdina) eta “blues” hitzekin jokoa egin dute, blues musikari urdina marraztuz. Bigarrenez lehiaketa bidez aukeratu dute jaialdiko kartela. Epaimahaian Joseba Agirre Ediciones Imposibles enpresako zuzendari artistikoa, Carlos Malles, eta Maria Serrano eta Kalixa Silanes zinegotziak egon dira. 31 lan aurkeztu dira aurten lehiaketara. Uztailaren 13tik 16ra egingo da aurtengo Hondarribia Blues jaialdia.