Azken 24 puntuetatik 20 lortu ditu taldeak, eta salbazioa ia eskuetan du. Jaitsiera postu bat geratzen da erabakitzeko, eta zazpi hautagai.
Donostian irabazita, hiru talde aurreratu ditu taldeak (arg: @hondarribiafe)
Beste garaipen bat lortu du Hondarribia Futbol Elkarteko lehen taldeak asteburuan, seigarrena azken zortzi jardunaldietan. Larunbatean 0-4 irabazi zuten berdeek Donostian, Martuteneren kontra, eta 10. posturaino igo dira, azken jardunaldian Touring, Amaikak Bat eta Vasconia aurreratuz.
Sei garaipen eta bi berdinketa, zortzi partida galdu gabe, zulotik atera eta salbazioa hatz puntekin ukitzeraino. Azken kolpea ematea baino ez zaie falta. Datorren asteburuan Oreretan Touringen kontra irabaziko balute, mailari eutsiko liokete. Berdinketa ez litzateke txarra izango, aurkarietako batzuk partida oso zailak baitituzte. Baina galduz gero, azken jardunaldian erabakiko litzateke hondarribiarren etorkizuna, eta aurkariak, Hernanik, lehen postua eduki dezake jokoan.
Bi partidaren faltan taldeak hiru puntu ateratzen dizkio Elgoibarri —40 puntu ditu Hondarribiak eta 37 Elgoibarrek, baina bien arteko averagea Debabarrenakoen aldekoa da—. Bien artean beste lau talde daude orain sailkapenean, horietako hiru 39 punturekin (Touring, Beti Gazte eta Vasconia), eta bestea 40rekin (Amaikak Bat).
Udaberriko boladari esker, salbaziorako aukera asko ditu Hondarribia Fek, baina ezin du hutsik egin, atzekoak horren zain baitaude.