Labore Txingudik denda inauguratuko du bihar goizean, Lakaxitan. Kontsumo eredu berria sustatu nahi dute bertatik.
Bihar irekiko duten denda prestatzen aritu dira Labore Txingudiko kideak.
Urtebete darama lanean Labore Txingudik. Irun, Hondarribia eta Hendaiako bizilagunen kontsumo eredua aldatu nahi du elkarteak, eta hasi dira horretarako lehenengo pausoak ematen. Prozesuaren ertz guztiak ongi itxi ondoren, bihar goizean irekiko dute Labore Txingudiren denda.
Irungo Lakaxitan egongo da denda hori. Inaugurazio ekitaldi atsegina prestatu dutela ziurtatu du Dornaku Lantzek. Elkartearen sustatzaileetako bat da Lantz, eta jakinarazi duenez, 11:30ean hasiko da ekitaldia. «Ordu horretan hasi eta 13:00ak arte hurbiltzen direnek denda nolakoa den ikusteko aukera izango dute, eta gure artean proiektuari buruz lasai hitz egiteko aukera izango dugu», esan du Lantzek.
Aurkezpen ekitaldia bukatzean, Eneritz Furyak musikari irundarrak kontzertua eskainiko du. Gainera, bertako produktuekin egindako pintxoak dastatzeko tartea izango bihar goizean Lakaxitan.
40 bazkide
Labore Txingudik 40 bazkiderekin hasiko du bere ibilbidea. Proiektua bideragarri izateko, 100 bazkide behar ditu kontsumo kooperatiba berriak. Lantz, hala ere, baikor da: «40 bazkide gara oraingoz. Espero dut haziko garela. Jende asko espazio materiala ikusi arte itxoiten ari da; gauzak nolakoak diren ikusi nahi du, gauzak ukitu nahi ditu. Denda irekitzean, uste dut errazago iritsiko garela jende gehiago izatera».
Labore Txingudiren espazio naturala izena ematen dion badiak bustitako udalerriak diren arren, bazkide gehienak irundarrak dira. Hondarribikoren bat ere badago, baina hau hasi besterik ez da egin, eta etorriko dira berriak.
Tramite burokratiko guztiak gaindituta, elkarte baten nortasun juridikoa du Labore Txingudik. «Irabazi asmorik gabeko elkartea gara», zehaztu du Lantzek, «eta kontsumo taldeekin bezala, nortasun juridiko berean mugitzen gara».
Elkarteko kideak, puntu horri dagokionez, aldarrikapen bat egin nahi du. «Iruditzen zait», esan du, «Ogasunarekin eta, elkarteen kotizazioan eta dauden barianteei begira, honek denda normal bat balitz bezala funtzionatzen du». Horrela, jarraitu duenez, eurena bezalako elkarteentzako berezitasunik ez dagoela gaitzetsi du, eta ez dagoela politika fiskal propiorik. «Araba, Bizkai eta Gipuzkoan nahiko garatua dago elkarteekiko araudia, baina oraindik badaude hutsune batzuk, batez ere gureak bezalako elkarteekiko», azaldu du Lantzek.
Oinarrizko produktuak
Lakaxitan zabalduko duten dendan eskuragarri egongo diren produktuei dagokienez, euren helburua «denetarik» egotea izango dela ziurtatu dute.
Oraingoz, baina, oinarrizko produktuak eskainiko dituzte, freskoak ez direnak, Lakaxitaren ezaugarriek ez dutelako hori hala izatea bideratzen. Kontuak kontu, honakoak izango dira Labore Txingudiren dendan aurki daitezkeen produktuak: olioa, gatza, jogurta, kafea, azukrea, dilistak, txitxirioak, arroza…
Bestelako produktuak aurkitzeko zailtasun handiagoak dituztela ziurtatu du Lantzek:?«Bizkotxoak, gailetak, seitana, tofua eta antzeko produktuak lortzea ez da erraza. Zaila da guk bilatzen ditugun irizpideak betetzen dituztenak aurkitzea». Izan ere, elkarteko kideek ez dute bilatzen produktuak ekologikoak izatea bakarrik, baizik eta ahalik eta hurbilenekoa izatea saiatzen dira, baita ekoizle txikiena izatea ere. Bigarren ezaugarri horri dagokionez, euren helburuetako bat ekoizpen txikiak sustatzea da, eta haien produktuak kontsumitzeak ekoizpen mota hori bultzatuko duela uste dute. Argi daukate zein den euren helburua: «Gure asmoa ez da belar denda bat izatea, beste logika baten barruan ekoizten diren produktuak kontsumitu nahi ditugu. Ariketa hori oso aberasgarria da, eta pixkanaka egiten ari gara».
Horrela, euren produktuen zerrenda zabaldu nahi dute. «Ez dagoen zerbait sortzen joatea da ere gure helburua», esan du Lantzek. Eta adibide batekin azaldu du: «Irunen ez baldin badago gailetak modu ekologikoan egiten dituen lantegi bat, zergatik ez dugu proposatuko horrelako bat egitea?».
Egileen erregistro txikia
Kontsumo elkarteko kideak euren produktuak «ahalik eta hurbilenetik» ekartzen saiatzen dira. Hala ere, eskualdeko ekoizle guztiengana iristea erraza ez dela onartu du. «Ekoizleen erregistro txarra dago, Interneten ez daude asko. Gainera, baserritarren helbideak lortzea ez da batere erraza», gaineratu du.
Horrez gain, higienea arautzen duten legeekin egiten dute topo. «Nahiko lege zorrotzak dira, eta horregatik, ekoizle txiki asko itzalean geratzen dira. Gainera, euren produktuak saltzea ez da legala; beraiengana jo nahiko genuke, baina…», penatu da Lantz.
Horiek horrela, ekoizle txikiengana jo dute, eta gaur egun elikaduraren mundua nola dagoen ikusita, «oso kontent» daude. «Gauza polit eta goxoak izango ditugu dendan», ziurtatu du.
Denda ostegunetik astelehenera egongo da irekita, igandea salbu. Ostegun eta astelehenetan arratsaldez egongo da irekita, 16:00etatik 20:30era. Ostiral eta larunbatetan, berriz, 09:00etatik 14:00etara.
Bazkide egin nahi duenak bertara jo dezake: zer dagoen ikusi, eta hurrengo bisitan, nahi badute, 60 euroko urteko kuota ordain dezakete. Dendan bertan edo transferentzia bidez egiteko aukera egongo da.
Herritarrak animatu dituzte bertan izena eman dezaten. Lantz: «Elikadura gauza garrantzitsua da gure bizitzetan, eta horren gainean erabaki ahal izatea eskertuko dugun zerbait da». Osasuntsua izateaz gain, gozatzeko ere badela uste du. «Gustuko dut jatea, eta hemen dagoena oso goxoa da. Dena ez da konpromisoa, gozatu ere egin behar da».