Hondarribian garaipena lortu du Colpack taldeko italiarrak eta bigarren jarri da sailkapenean, Sergio Samitier liderraren denbora berarekin.
Jaitsieran aldegin du Sobrerok eta bakarrik sartu da Harresilandako helmugan
Mateo Sobrero Colpack taldeko italiarrak irabazi du Bidasoko Itzuliko bigarren etapa, Hendaian hasi eta Hondarribiko Harresilandan bukatu dena. Sergio Samitier (Lizarte) liderra zazpi segundora iritsi da bigarren, sprint ikusgarri baten ondoren. Bigarren sailkatzeko eginiko esfortzuak saria izan du, sailkapen nagusian Sobreroren denbora berdindu baitu Lizarte taldeko txirrindulariak. Atzo zazpi segundo galdu zituen italiarrak Irrisarri Landeko helmugan, eta errenta hori bera atera dio Samitierreri Hondarribian.
Ibilbidea eta eguraldia bazituen, hirugarren osagarria behar zuen gaurko etapak bikaina izateko, txirrindularien jarrera. Eta izan du, sekulakoa. Etapa gogoratzeko modukoa izan da, azkarra, eta urduria, Jaizkibel igotzen hasi direnetik batez ere.
Guadalupeko igoeran ekaitzak harrapatu ditu txirrindulariak eta errepidea ispilu bilakatu da. Garaipena nahi zuenak arriskatu beharra zuen eta Colpack taldeko italiarra izan da ausartena, jaitsierako azken bihurguneetan hautatuen multzotik ihes eginez. Metro gutxi batzuk lortu ditu Sobrerok, baina helmugaraino eutsi dio tarteari. Zazpi segundora sartu da liderra, sprintean Alessandro Fedali (Colpack) eta Carlos Cobos (Caja Rural) menderatuta. Atzerago, 13ra, hamarreko talde bat helmugaratu da, Xabier Cañellas (Caja Rural) buru zelarik.
Atzo galdutako zazpi segundoak berreskuratuta, Samitierrekin berdindu du etapako garaileak, baina bigarren jarri da, postuengatik. Hirugarren bere taldekide eta herrikide Marco Negrente dago, bederatzi segundora. Sailkapeneko aurreneko biak denbora berean, eta bigarrena eta hirugarrena taldekideak, bero-bero jarri du Bidasoko itzulia Mateo Sobrerok Hondarribiko bigarren etapan lortutako garaipenak.
Hondarribiko alkatearen eskutik jaso du Sobrerok etapa irabazlearen garaikurra