ELA sindikatuak kontzentrazioa egingo du ostiralean, udal langile taldearen behin-behinekotasun eta "prekaritate tasa altuak" salatzeko.
ELA sindikatuak kontzentrazioa egingo du ostiralean 12:30etik aurrera Hondarribiko udaletxeko arkupeetan, udal langile taldearen behin-behinekotasun eta “prekaritate tasa altuak” salatzeko. Xabier Etxaniz Gizalaneko arduradunak oharra bidali die komunikabideei eta bertan kexu azaltzen da besteak beste, udal langile taldearen behin-behinekotasunak %35a gainditzen duelako.
Sindikatuaren arabera, “prekarietate tasa hauek” erabaki politiko baten ondorio dira eta, “Madridetik etorritako dekretuek mozorrotu egin dute hemen ematen zen egoera, eta aitzakiatzat hartu dira egoera mantentzeko”.
Borondate politikoa egonez gero, egoera irauli, lanpostuak egonkortu eta Hondarribiko udal langile taldeak “kalitateko zerbitzua eskaini lezake”, erantsi du ELAk.
Honela dio, hitzez hitz, Oarso-Bidasoko ELAren oharrak:
“Hondarribiko udaletxea prekarietatearen paradigma da Oarso-Bidasoa eskualdean. Behin-behinekotasunak lan-taldearen %35 gainditzen du. 82 langiletik, 43k lanpostu finkoa dute, hemeretzi interinitatean daude, 30 bakanteak dira eta hauetatik, gutxienez zazpi ez daude beteta.
Horrez gain, 11 langile laboral daude RPT-an agertzen ez direnak.
Horrelako egoera batera udaletxe bat ez da iristen kasualitatez. Erabaki politiko baten ondorio da prekarietate tasa hauek kudeatzea. ELAtik askotan esan dugu Administrazioan prekarietate gehiena kontratazioan ematen dela. Hau ulertu behar dugu langilearen ahuldadea bezala kontratatzailearen aurrean.
Madrildik etorritako dekretuek mozorrotu egin dute hemen ematen zen egoera, eta aitzakiatzat hartu dira egoera mantentzeko. Baina, udaletxe honetan dauden interino batzuen antzinatasunari begira, ikusten da aspalditik datorren praktika bat dela. Badaude beren bizitza laboral osoa interino moduan pasa dutenak, eta interino jubilatuko direnak. Adibidez, Hondarribiko udalean 1990 urtetik interino dagoenik badago, 1994, 1999, 2006…. hau da, behin behineko egoera bat egonkortu egiten da.
Honek pentsatzera eramaten gaitu, ildo honi jarraiki, zer nolako administrazioa edukiko dugu hemendik 10 urtera? %80ko interinitatea edukitzea dugu helburu? Edo hau aitzakiatzat hartuta, administrazioak esku pribatuen esku utzi? Azken galdera honen erantzunak ematen digu beldur gehien, hau baita neoliberalismoak amesten duen eredua. Sektore publikoan pagotxa ederra dago pribatizatzaileentzat.
Borondate politikoa egonez gero, egoera hau irauli egin daiteke. Lanpostuak egonkortu, kalitatezko zerbitzu bat eman eta langileek lan baldintza dunak eduki ditzakete.
Xabier Etxaniz, ELAko Gizalaneko Oarso-Bidasoko arduraduna
Udaletxeko arkupeetan elkarretaratuko dira, 12:30ean