Hondarribiko Ondareen V. Foroa, bihartik
Arma Plaza Fundazioak eta Hondarribiko Udalak antolatuta, Hondarribiko Ondareen V. Foroa egingo dute bihar eta larunbata artean.
Arma Plaza Fundazioak eta Hondarribiko Udalak antolatuta, Hondarribiko Ondareen V. Foroa egingo dute bihar eta larunbata artean. Atzo egin zuten aurkezpena Arma Plaza kultur gunean eta bertan izan ziren, besteak beste, Kalixa Silanes Kultura zinegotzia eta Arma Plazako patronatuko presidente-ordea, eta aurtengo hiri-gonbidatu Dakarretik etorri diren Suzanne Badiane eta Mapate Ndiaye sukaldariak. Hiru jardunaldi izango dira guztira, biharkoa hitzaldiei eskainita, eta gainontzeko biak gastronomiari. Silanesek azaldu zuenez, hiriko ondarea balioan jartzea da foroaren helburua: “Gure ondarea balioan jartzeko asmotan antolatzen dugu. Helburu nagusiena, Hondarribiaren historian eta bizimoduan harresiek izan duten eraginaren inguruko hausnarketa bat burutzea da”. Iaz Iruñea eta Baionarekin batera Creacity programa abiatu eta gero, aurten programa horretan sakondu nahi dute hiru hiribilduek, eta ondareen foroa horretarako baliatuko dute. “Foroa aprobetxatu nahi dugu, jardunaldiak baliatuz, proiektu turistiko berrian eman diren aurrerapausoak aurkezteko”, erantsi zuen Kultura zinegotziak. Berrikuntzak, gaueko bisita eta Dakar Bi dira bosgarren ekitaldiko berrikuntza nagusiak. Batetik, lehen aldiz, gaueko antzerti-bisita musikatua egingo dute harresietan, bihar 19:30ean Arma Plazatik abiatuta. Farrandula antzerki talde sortu berriak prestatu du ekitaldia eta soinujole baten laguntzarekin ariko dira. Bestetik, hiri gonbidatua Dakar izango da, Senegalgo hiriburua, hiri arrantzalea Hondarribia bezala. Bi hirietako gastronomiak hurbiltzeko eta uztartzeko aukera izango da ostirala nahiz larunbatean. Atzoko aurkezpenean Badianek baieztatu zuenez, erakustera eta ikastera etorri dira Hondarribira: “Sukaldaritzaren bidez erakutsi eta ikasi egin nahi dugu. Sukaldaritzak kultura desberdinak ezagutzeko aukera eman dit, aberastasuna ekartzen du horrek eta denok irabaziko dugu topaketa honekin”.