Lasarten 0-3 irabazi ondoren, 13. posturaino igo da Ohorezko Mailako taldea. Azken 18 puntuetatik 16 lortu dituzte hondarribiarrek.
Martxoaren 5ean, 24. jardunaldiaren ondoren, Preferenteko taldea zen Hondarribia FE. Sailkapenean azken bigarren 20 punturekin, eta salbaziotik 5 puntura. Lehen itzulia ere horrela bukatu zuen taldea, bi partida bakarrik irabazita eta zuloan sartuta. Eta bigarren itzuliko lehen zazpi jardunaldien ondoren egoera berean zegoen, joko hobea eginez, baina jaitsiera postuetan murgilduta, eta geroz eta denbora gutxiago buelta emateko. Preferentekoa ziruditen.
Baina udaberria ondo etorri zaio Hondarribia FE-ri, eta bolada sinestezinean sartu da. Azken sei partidetatik bost irabazi ditu —besteak beste liderraren eta 3.aren kontra—, eta beste bat berdindu. Sei partida jarraian galdu gabe, eta zulotik atera dira. Lau talde jaisten dira Preferentera eta Hondarribia seigarrena da atzetik hasita, eta 3 puntura du jaisten den laugarren taldea.
Larunbatean 0-3 irabazi zuten hondarribiarrek Lasarten Ostadarren kontra, aurkari zuzen baten kontra. Zulotik atera, Ostadar zuloan sartu, eta mirarian sinesteko moduko emaitza lortu, hori guztia egin zuen larunbatean taldeak. Ezin hobe atera zen dena. Emaitza horren ondoren, dagoeneko esan daiteke datorren urtean Preferenten jokatuko dutela bai Ostadarrek, baita Martutenek ere, eta Aloña Mendik hanka bat du maila horretan (
sailkapena).
Hiruren arteko borroka
Ziurrenik azken jardunaldian erabakiko da jaitsiko den laugarrena zein den. Beti Gaztek 33 puntu ditu, Elgoibarrek 35, eta Hondarribiak 36. Hondarribiarrek averagea alde dute Beti Gazterekin, baina kontra Elgoibarrekin. Berdeek ez dute gaizki, Beti Gaztek beraiek baino lau puntu gehiago lortu behar dituelako, hamabi daudenean jokoan. Hori bai, ez dute egutegi errazena eta ezin dute hutsik egin.
Datorren asteburuan Aretxabaletaren kontra jokatuko du Hondarribia FE-k, Hondartzan. Azken hemezortzi puntuetatik 16 lortu ditu Hondarribiko taldeak, baina ez da nahikoa. Udaberriak jarraitu behar du, eta zaleen laguntza beharko da horretarako.
Neguan garaipen bakarra lortu zuen taldeak, Deban. Udaberria oso desberdina ari da izaten