Bertso probak erabakiko du aurtengo herri olinpiadetako irabazlea. Zumardian izango da, bazkari olinpikoaren ondoren, eta parrandaren aurretik.
Laburragoak izan arren, bikainak izan dira IV. Herri Olinpiadak
Hiru hautagai eta bikingo kasko bakarra. Hori da bihar eguerdirako Hondarribiko Zumardian argitu beharreko zalantza. Aro berriko IV. Herri Olinpiadak bukatuko dira bihar, eta dena erabakitzeke dago. Josu Belea Makil Idorrean taldea da lider, 66 punturekin; bigarren tokian Klaro Kon Gasekoak daude (64 puntu), eta hirugaren Tximista (61). Herri bazkariaren ondoren erabakiko da dema, bertso proban.
Lider iritsi direlako faborito dira Josu Beleakoak, baina kontuz ardo gorri zaleekin, orain arte ez baitute hutsik egin. Urrutiago Tximista dago. Dena galduta ez dute, baina aurreko biek baino askoz hobeto egin beharko lukete, beraiek oso ondo, eta beste biek gaizki. Zaila dirudi.
Bihar bukatuko dira olinpiadak eta ohiturari eutsita bazkariarekin egingo dute. Aurretik triki-poteoa egingo dute gazteek, Arma Plazan hasita eta Portuan jarraituta. Bazkalostean egingo dute bertso proba, eta hor erabakiko da aurtengo talde irabazlea, iaztik Hok Ez Pattuk taldeak gorde duen bikingo kaskoa jantziko duena.
Irabazten duenak irabazita, olinpiada bikainak izango dira aurtengoak, une ahaztezinak utzi dituztenak. Aurreko bi ekitaldietan baino talde eta proba gutxiago izan dira, egia da hori. Baina proba klasikoek (parodia, ginkana…) ez dute hutsik egin, eta aurten lehenengoz egin diren beste joko batzuek egitaraua biribildu dute. Gastronomia eguna egonkortu dela dirudi, eta mendi proba, oro har, eta bereziki ardien jokoa, patentatzeko modukoak dira.
Bukatzeko, parranda
Sari banaketaren ondoren parranda handia espero da biharko, inor ez aspertzeko modukoa. Behintzat, musika faltagatik ez da izango. Aurrena, Hondarribiko Elektropatxaranga igoko da taulara, ondoren karaokea egingo dute eta, aro berriko IV. olinpiaden sua itzali aurretik, berbena. Hortik aurrera festa luzatu nahi duenak, badaki nora jo.
IV. Herri Olinpiadak. Proben irabazleak
- Logo proba. Barrio Txinokuak.
- Parodia. Ur Karruxa.
- Ginkana. Ashkorax.
- Mendi proba. Josu Belea Makil Idorrian.
- Gastronomia proba. Putteruan Alabak.
Azken Eguna
- Goizean. Trikipoteoa, 12:00etan Arma Plazan hasita.
- Eguerdian. Bazkaria, 14:00etan, Zumardian. Ondoren, bertso proba puntuagarria.
- Arratsaldean. Sari banaketa eta musika: Elektropatxaranga, karaokea eta dantzaldia. Gazte Xaiak txosna jarriko du.