Lehen hiru egunetan ia 100 opari banatu dituzte. Orotara, 386 dohaintza zozkatu zituzten larunbateko ekitaldi erraldoian.
Hondarribia-Katsikas elkarteko bi kide, atzo, sariak banatzen
Asteartean hasi zen Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldea joan den larunbateko zozketa erraldoiko sariak banatzen. Puntaleko eskolan (Molla pasealekua, 1) ari dira sariak ematen, egunero 09:00etatik 11:00etara, eta 18:00etatik 20:00etara (ostegunetan, larunbatetan, igandetan eta maiatzaren salbu, egun horietan goizez bakarrik). Hau da, asteburuan ere jaso daitezke sariak, goizeko ordutegian. Hilabetez jardungo dute, maiatzaren 26ra arte.
Zozketan kirolari, idazle edo artista baten dohaintza tokatu zaionak, Puntaleko eskolan bertan jasoko du oparia. Bestelakoa opari bat egokitu zaionari, agiri bat emango diote saritutako txartelaren truke, eta agiri horrekin joan beharko da dagokion establezimendura, saria jasotzeko.
Sariak banatzeaz gain, Madalen plazan eginiko mural erraldoiaren puskak saltzen ari da Hondarribia-Katsikas elkartea Puntaleko eskolan. Zati bakoitza euro batean dago salgai eta diru horrek ere udazkenean Grezian abiatuko duten proiektua finantzatzeko balioko du. Elkarte solidarioak jakinarazi duenez, dagoeneko hasi dira proiektu hori prestatzen eta osasunari eta elikadurari lotuta egongo da.