Hondarribiko Nazioarteko Gitarra Jaialdiak sei kontzertu programatu ditu asteburu luzerako. Garai desberdinetara moldatzen jakin izan du jaialdiak.
Carles Pons, Gitarra Jaialdia aurkezteko ekitaldian
Garaian garaiko beharretara moldatuta, hamabost urte beteko ditu aurten Carles Pons musikari katalanak antolatzen duen Hondarribiko Nazioarteko Gitarra Jaialdiak. Formatuan gutxi geratzen da hiriaren 800. urteurrenarekin batera lehen aldiz antolatu zen hartatik. Musikari katalanaren egoera ere oso bestelakoa da, “orduan Irunen nengoen, Kontserbatorioan egiten nuen lan; orain Palencian bizi naiz”. Baina gauza batzuk ez dira aldatu, egitaraua osatzeko hautatzen diren artisten maila altua, esaterako.
Gaur aurkeztu dituzte bihartik astelehenera bitarte luzatuko den aurtengo egitaraua, udaletxean, eta bertan izan dira Kalixa Silanes Hondarribiko Kultura zinegotzia eta antolatzailea. Bost kontzertu bildu dituzte, eta seigarren bat soziala, Ponsek berak San Gabriel egoitzan emango duena, “auditoriora hurbiltzeko aukera ez dutenei, musika hurbiltzeko asmoz”. Silanesek erantsi zuenez, saio sozialak asko maite dituela onartu izan dio Ponsek, “beste sentsazio batzuk eta beste sentimendu batzuk azaleratzen direlako».
Ohi bezala, publikoarentzako kontzertu guztiak debalde dira. Emanaldi onena zein izango den galdetu aurretik, Ponsek azkar jakinarazi die kazetariei, “nirea kenduta, beste guztiak dira bikainak”. Baina aukeratu ezinik dabilenarentzako pista batzuk eman ditu.
Hala, bihar (ostirala) piano eta gitarrarako ohikoa ez den Italiako musika entzuteko aukera izango da; etzi (larunbata), Kultur Etxean, “Espainiako Estatuko musikari onenetako bi”, eta Irungo Oiasson, Hego Amerikako doinuak; igandean, Txilen bizi den eta uneoro biran ari den italiar handi bat, eta astelehenean “hain ona izanagatik Kroazian zergak ordaintzetik libre dagoen gitarrista”. Bada zer aukeratu, eta zer gozatu.
Gitarra Jaialdia. Egitaraua
Ostirala
- 18:00. San Gabriel egoitzan, Carles Ponsen kontzertu soziala.
- 20:00. Kultur Etxean, Vanuncci (pianoa) eta Torregiani (gitarra) bikotea.
Larunbata
- 20:00. Kultur Etxean, Iagoba Fanlo (txeloa) eta Miguel Trapaga (gitarra) bikotea.
Igandea
- 12:00. Irungo Oiasso Erromatar Museoan, Massini eta Constantino gitarra bikotea.
- 20:00. Kultur Etxean, Fabio Montomoli (gitarra).
Astelehena
- 20:00. Paradorean, Sasa Dejanovic (gitarra).