Sare Hondarribiak 90 minutuko elkarretaratzea egingo du San Pedro kalean, gaixotasun larriak dituzten presoak gogoan. Bi txanda antolatzen ari dira.
Sare Hondarribia taldeak ordu eta erdiko elkarretaratze berezia egingo du larunbatean, hilak 29, San Pedro kalean. 12:30ean hasita, gaixotasun larriak dituzten presoen alde ordu eta erdiz kontzentratuko dira, 45na minutuko bi txandetan banatuta.
Parte hartu nahi dutenei aldez aurretik abisatzeko eskatu diete, txandak ahalik eta egokien antolatzeko. Whatsappez egin behar da, 688 72 86 55 telefono zenbakira idatziz.
Abotsanitzek eta Hondarribiko EH Bilduk bat egin dute Sareren deialdiarekin, eta hondarribiarrei parte hartzeko deia luzatu diete.
Mozioa plenoan
Sare Hondarribiak jakinarazi duenez, udalean mozioa aurkeztu du aste honetan, biharko (osteguna) osoko bilkuran eztabaidatu dezaten. “Hondarribiko udalari eskatzen diogu gaixorik dauden presoei babesa eman diezaion eta Espainiako Espetxe Erakundeari eska diezaion gaixorik dauden presoak etxeratzeko”, azaldu du preso eta iheslarien eskubideen aldeko taldeak. Arratsaldeko zazpietan hasiko da plenoa.
Parte hartu nahi dutenei abisatzeko eskatu diete, txandak antolatzeko