Hondarribia FE-k azken bost partidetatik lau irabazi ditu eta bat berdindu. Bolada onari jarraipena eman nahi dio aurkari zuzen baten kontra.
Udaberriko talde onena ari da izaten Hondarribia FE. Eta izaten jarraitu nahi du
Azken bost partidetatik lau irabazi eta bat berdindu. Hori egin du Hondarribia FE-k, Ohorezko Mailan beste inork lortu gabekoa. Bolada on horri esker zulotik atera da taldea, eta moralez gainezka dago. Oporraldiaren aurretik Mondragoni irabazi eta gero, Aloña Mendi eta Ostadarrekiko lau puntuko aldea ireki dute, eta salbazioa gertuago ikusten dute berdeek.
Larunbatean Lasarte-Oriako Michelin zelaian jokatuko dute hondarribiarrek, Ostadarren kontra. Donostialdekoentzat hil ala biziko partida izango da, galduz gero, salbazioa asko zailduko litzaiekeelako. Datuen arabera, multzoko defentsa ahulenetakoa dute lasartearrek —63 gol jaso dituzte, Hondarribiak 32—, eta hori probestu nahi du Hondarribia FE-k. Gainera, lehen itzuliko Hondartzako partidan 1-2 nagusitu zen Ostadar, eta mendeku bila bidaiatuko dute berdeek.
Irabaztearekin, averagea alde izango luke Hondarribiko taldeak, eta sailkapenean posturen bat gora igotzeko aukera izango luke, Vasconia eta Elgoibar elkarren aurka ariko baitira.