Berria egunkariak jakinarazi duenez, Irungo eta Hondarribiko udalek, aldundiak eta Jaurlaritzak osatzen duten alardeen mahaia geldirik dago.
Denis Itxaso alarde parekideari bandera ematen iazko Irungo alardean.
Berria egunkariak jakinarazi duenez, Hondarribiko eta Irungo alardeei buruzko erakundeen arteko mahaia ez da bildu azaroaz geroztik. Eta gainera, duela ia urtebete inguru gaiari buruz aldundiak agindutako txostena ez dago eginda. Erakunde arteko mahai horretan udalek, aldundiak eta Jaurlaritzak —Emakundek eta Arartekoak ordezkatuta— dute ordezkaritza.
Iazko martxoan, diputazioko gobernuak Berdintasun Zuzendaritzatik atera zuen auzia, gatazkak genero diskriminazioa baino aurpegi gehiago zeuzkala argudiatuta. Ordutik, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza arduratzen da alardeez.
Atzo, batzordean, Ainhoa Beola batzarkideak (EH Bildu) jaien atariko tentsioak baretzeko saiakerez galdetu zion, atzo, Markel Olano ahaldun nagusiari (EAJ). Vaquerok erantzun zuen haren izenean: badira bost hilabete instituzioen arteko mahaia azkenekoz elkartu zenetik.
Nolanahi ere, jakinarazi du Irungo eta Hondarribiko udalekin «bileraren bat edo beste» egiten jarraitu dutela, eta mahaiari aurkezteko txosten batean lanean ari direla. Ez du zehaztu noiz aurkeztu asmo duten, ezta aurtengo alarde garairako helburu zehatzik bete asmo duten ere.