Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldeak 385 opari zozkatuko ditu bihar San Pedro kalean. Bildutako diruarekin proiektu bat abiatuko dute Grezian.
Hondarribia-Katsikas taldeko kideak, saldutako 17.345 txartelen ordainagiriekin
Handia izango da bihar Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldeak egingo duen zozketa. Zenbakiei begiratuta ez dago zalantzarik. 386 opari zozketatuko dituzte, denak herriko profesionalen eskutik jasotakoak: dendak, tabernak, gimnasioak, artistak, idazkeak… Sei hilabete eman dituzte opariak biltzen, eta azken hirurak txartelak saltzen ere; 17.345 saldu dituzte euro batean, herritar bakoitzeko bana. Diru horrekin, udalak emandako laguntzarekin eta beste dohaintza batzurekin, errefuxiatuen aldeko proiektu bat abiatuko dute. Berriro joan nahi dute Hondarribitik Greziara, eta bihar mugarri garrantzitsua dute horri begira.
Azeri elkartearen parean egingo dute zozketa. Herritarren aurrean egingo dute, eta herritarrek parte hartzeko aukera izango dutela azaldu du Marije Zapirain boluntarioak: “Udaleko alderdiei eta gure bidean laguntzaile izan ditugunei gonbidapena luzatu diegu. Bestela, San Pedro kaletik paseatzen dabilen orok izango du opariren bat ateratzeko aukera”.
Lauzpabost kutxa beharko dituzte zozketarako. “Batean saldutako txartelen ordainagiriak sartuko ditugu, eta beste kutxetan oparienak”, argitu du Zapirainek. Opari asko direnez, bi taldetan banatuko dira boluntarioak, “bestela ez genuen modurik izango goizean bukatzeko”. Bakoitzak ardura bat izango du, txartel zenbakiak ateratzea batek, oparienak beste batek, txartel sariduna eta opariarena grapatzea, zerrenda bete, datu-basea osatu… eta dinamizatzaile lanak egingo dituena, zozketan parte hartu nahi duten herritarrei egiten lagunduko diena.
Muntatzen goizeko zortzietatik egongo direla adierazi du Zapirainek, 09:00etan hasteko: “Lehenengo zenbaki guztiak lerrokatuko ditugu mahaiaren gainean, denak daudela erakusteko. Gero kutxetan sartu, eta behin denak daudela, zozketa hasiko da”. Ordubata eta erdiak baino lehen bukatuko dutela uste dute.
Oparien kopurua kontuan izanik, ikusgarria izango da ekitaldia, baina era berean, baita luzea ere. Horregatik, musikaz eta dantzez girotuko dute zozketa, “bestela aspergarria bihurtu daiteke, bai hurbiltzen denarentzat, baita guretzat ere”.
Arte dohaintzak erakusgai
Arte arloko dohaintzen kopuruari erreparatzea besterik ez dago Hondarribia-Katsikasek egin duenaren garrantziaz jabetzeko. Herriko 65 artisten artelanak lortu dituzte, eta hori, Irunen 250 edo Donostian milatik gora lortzea litzateke, hiruko erregela eginez gero. Artelan horiek zozketaren aurretik balioan jarri nahi izan dituztela kontatu du Maite Garcia elkarte solidarioko kideak: “Artelan bakoitzean egilearen zati bat dago, eta hori balioan jarri nahi genuen, artea sortzen eta erakusten ari direnen lana balioan jarri nahi izan dugu”.
Hiru lekutan, hiru bildumetan banatu dituzte lanak. Hilaren 4an abiatu zuten lehen erakusketa, Route 33 kafetegian (Bernat Etxepare kalea, 16); handik bi egunera bigarrena, Otzazki galerian (Damarri plaza, 1), eta atzotik hirugarrena bisitatu daiteke, San Pedro kaleko Sardara tabernan muntatu dutena. “Iritsi zaizkigun azken lanak jarri ditugu Sardaran —argitu du komisario lanetan diharduen Judas Arietak—, eta Otzazkin egon diren beste argazki batzurekin osatu dugu erakusketa, multzoari koherentzia emateko”.
Arrieta arduratu da lanak sailkatzeaz, bakoitzaren ezaugarrien arabera leku egokia bilatzeaz. Dohaintzak izan arren, lanen maila nabarmendu du: «Euro bakar bategatik arte lan oso onak lortu daitezke, Remigio Mendibururen grabatu bat, esaterako. Baina horren gainetik, artista guztien jarrera eta eskuzabaltasuna izan da politena». Mendiburuz gain, Iñaki Grazenea, Agustin Tife, Javier Sagarzazu, Sara Otaño, Jose Luis Noain… Izen handiak, askotariko diziplinakoak, artista amateurrekin maila berean nahastuta.
Igandean hustuko dituzte Route 33, Otzazki eta Sardarako hormak. Ordurako obrek jabea izango dute, bihar zozkatuko baitituzte gainontzeko opariekin batera: «Opari guztiek balio bera dute, opari bakoitzeko txartel bat dago, 385 guztira. Gutxi gorabehera minutu erdiro bat aterako dugu, eta azkena ateratzen dugunean bukatuko da zozketa», erantsi du Garciak.
Ginga, bazkarian
Zozketaren ondoren, herriko zenbait ostalariek Ardora jatetxean prestatuko duten bazkari solidariora mugituko dira boluntarioak. Klink elkarteko arduradun Josema Nogerasen eta Gran Sol jatetxeko Bixente Muñozen ekimena da bazkaria, eta Hondarribia-Katsikas elkartearen proiekturako dirua biltzea du helburutzat.
Orotara, hamahiru jatetxe elkartu dira, eta bidean ostalaritza arloko beste zenbait pertsona eta enpresa mugiarazi dituzte: “Hondarribia-Katsikasek herri osoa inplikatu du bere zozketarako, eta herriko ostalaritzak eredu bera jarraitu nahi izan du bazkarirako”, azaldu zuen Nogerasek aurkezpenean.
Hala, Ardoraz gain, El Curry Verde, Guadalupeko kantina, Arrantzaleen Hermandadea, Abarka, Sardara, Arroka Berri, Ignacio, Lekuona, Itsaspe, Beko-Errota, Gran Sol eta Enbata jatetxeak elkartu dira biharko bazkaria prestatzeko, Hondarribiko Ostalaritza Elkarteko dozenaka sukaldari eta zerbitzari. Inork ez du egun horretan kobratuko, ez beraiek, ezta banatzaileek ere, menu bakoitzaren 35 euroak (haurrenak 15 euro) oso-osorik Hondarribia-Katsikasek udazkenean Grezian abiatuko duen proiektura bideratu daitezen.
Menua, parte hartzen duten jatetxeen plater adierazgarriekin osatu dute, eta tokiko produktuen presentzia handiarekin, lurrekoan nahiz itsasokoak. Nogerasen hitzetan, “menuak 35 euro baino askoz gehiago balio du”, baina bazkari herrikoia egin nahi zutela gaineratu zuen. Ahalik eta jende gehien biltzeko asmoz, azken unera arte salduko dira txartelak, honako lekuetan: Klink elkartea, Kai-Alde goxodenda, Jon Alzaga urdaitegia eta Ardora jatetxea. Internetez ere lor daitezke,
Kutxabanken atariko bilatzailean ‘Ardora’ idatzita.
386 sari, 386 saridun
Urte erdiko lanari amaiera emango dio bihar San Pedro kalean egingo duten zozketak. 17.345 txartel sartuko dituzte kutxa batean eta minutu erdiro bana aterako dute, beste kutxetako 386 txartelak agortzen diren arte. Maite Garciak nabarmendu duenez, kanpainarekin hasi aurretik oso ondo zehaztu zuten gauza bakoitza nola egin: “Lehen txartela saldu aurretik, dohaintzen lehen kontratua sinatu aurretik, zozketaren eguna genuen buruan, nola bermatu zozketaren garbitasuna, hori zen gure kezka. Horregatik bihar, jendaurrean egingo da ekitaldia, jendaurrean sartuko dira txartelak kutxetan, eta jendaurrean egingo da zozketa”.
Ia 400 sari, ia 400 saridun, 386 guztira. Eta hilabete saria jasotzeko. “Gauzak erraztu nahi genituen —gaineratu du Garciak. Baten batek lehen egunean jakingo du saririk egokitu ote zaion, baina beste batek denbora gehiago beharko du. Eta gauza bat da jakitea, eta beste bat sariaren bila joateko aukera izatea”. Hilabetez egongo dira Puntaleko eskola zaharrean, hilaren 25etik maiatzaren 26ra, astelehenetik igandera, 09:00etatik 11:00etara eta 18:00etatik 20:00etara (ostegunetan, igandetan eta maiatzaren 1ean, goizez bakarrik). «Artelana edo liburua irabazi duenak, bertan jasoko du. Bestelako saria irabazi duenari, dagokion ordainagiria emango diogu, txartel sarituaren truke».
Baina hori asteartetik aurrera izango da, zozketaren ondoren, eta hori bihar egingo dute. Azken sei hilabetetako lanari ginga jarriko dio Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldeak. Urte erdian herri osoa hankaz gora jarri dute, eta egindakoa herritarrekin biribildu nahi dute, kalean. Greziako kanpalekuetako errefuxiatuen alde mugiarazi dute Hondarribia. Greziara bertara iristea izango da hurrengo urratsa.