Larunbatean 386 opari zozkatuko ditu Hondarribia-Katsikasek, herrian lortutako dohaintzak denak. Sei hilabeteko kanpaina bukatuko dute horrela.
Mari Jose Aseginolaza, Hondarribia-Katsikas elkarteko presidentea
Nola sortu zen zozketaren ideia?
Han lagundu nahi genuen, Grezian. Orain arte materiala bidaltzen aritu gara, handik eskatzen zigutena bidaltzen, baina eraginkorrena hara joatea da, Grezian proiektu bat abiatu, han inbertitu. Horretarako proiektu bat behar dugu, eta proiektua bideratzeko finantzazioa. Horregatik erabaki genuen zozketa egitea, herrian opariak eskatu zozketatzeko, eta errifak saltzea dirua lortzeko.
Herri osoa inplikatu nahi zenuten. Lortu al duzue?
Pentsa, 386 opari lortu ditugu, eta zozketa baino bi aste lehenago txartel guztiak salduta zeuden. 17.345 txartela atera genituen, hori delako Hondarribiko azken errolda, herria inplikatzeko beste modu bat zen, sinbolikoa. Esfortzua handia eginda, baina lortu dugu, 17.345 txartelak saldu ditugu.
Erantzuna itzela izan da, dendariena, tabernariena, kirolariena, artistena… eta herritarrena. Edozer gauza eskatzen dugu eta ematen digute. Herria inplikatu nahi genuen, abiatzen dugun proiektua herriko proiektua izatea nahi dugulako.
Nolako proiektua izango da?
Zehazten gabiltza, baina ziurrenik osasunarekin eta elikadurarekin zerikusia izango du. Zozketa pasatzen denean jarriko gara horrekin buru-belarri, baina gauza bat argi dago, herriko proiektua izango da. Grezian lanean dabiltzaten erakundeekin harremanetan izango gara, baina guk kudeatuko dugu, eta herriko boluntarioen bitartez eramango dugu aurrera. Nahi duenak izango du joateko aukera, bidaia eta gastuak norberak ordainduta. Baina badira diru-laguntzak, gazteentzako bekak, eta abar; horiek erabili nahi dituenari ere eskaintzen diegu gure proiektua.
Zu zeu ibilita zaude Katsikasen. Itzuliko al zinateke proiektu berriarekin?
Bai, prest nago nire denbora horretan inbertitzeko, baina hemendik sortutako proiektu batean laguntzeko bada, Hondarribitik kudeatuko den proiektu batean laguntzeko. Eta horretan ari gara.
Larunbatean da zozketa. Zenbat jende ariko zarete lanean?
Asko. Taldea asko handitu da eta dagoeneko hamabost bat kide gara. Horiek guztiak, eta gehiagoren laguntza beharko dugu. Batetik zozketa dago, eta zozketa berme guztiekin egiteko hamar bat pertsona ariko gara. Horrez gain, Madalen plazakoa dago, muralarena, eta hor laguntza beharko da. Eta, azkenik, bazkaria Ardoran. Hori ere handia izango da, jende pila ariko da lanean.
Zer moduz ari dira bazkariko txartelak saltzen?
Ez dira egun errazak izan, Aste Santua izan delako. Baina pixkanaka-pixkanaka ari dira txartelak saltzen eta espero dugu azken bultzadan Ardora betetzea.
Zuek han izango zarete?
Bai, noski. Guretzako urte erdiko lana biribiltzeko izango da bazkaria, sari bat bezala. Hainbeste lan egin eta gero, herritarrekin bazkaltzea polita izango da. Hamahiru jatetxe elkartu dira bazkaria prestatzeko, gauza handia da hori, izugarria. Paretetan gure argazkiak egongo dira jarrita, Grezian egon izan ginenekoak… Ez zait okurritzen modu hobea proiektu hau bukatzeko.
Biharamunean atsedena hartu beharko duzue…
Bai, merezita uste dut. Asteartean hasiko gara opariak banatzen. Hilabete oso bat izango da, baina saridunak mugitu beharko dira, gu Puntaleko eskolan egongo gara zain. Zozketarekin hasi ginenetik izan dugun mugimendua eta gero, atseden hartzea bezalakoa izango da hori.
Grezian abiatuko dugun proiektua zehaztea izango da hurrengo lana, orain artekoa bezain inportantea, edo gehiago. Finean, egin dugun guztiak ez du ezertarako balioko proiektua ona ez bada. Orain arte guk izan dugu hondarribiarren babesa, errefuxiatuei babes hori helarazten asmatu behar dugu.