Hondarribia FE-k Aloña Mendiren etxean berdindu du eta lau puntuko aldea mantendu du oñatiarrekiko. Ostadarrek eta Beti Gaztek galdu egin dute.
Aloñal, irabazteko behar handiagoa zuen Hondarribiak baino (arg: @hondarribiafe)
Puntu bakar bat, baina balio handiko puntua. Hori da Hondarribia FE-k Oñatin atzo lortu zuena. Lehen Erregionalera ez jaisteko borrokan, aurkari zuzen baten etxean jokatu zuten atzo berdeek, eta berdinketa lortu zuten (0-0). Partida hasi aurretik Hondarribia lau puntu goitik zegoenez, etxekoek irabazteko behar handiagoa zuten, baina hondarribiarrek ondo eutsi zioten hasierako markagailuari. Kanpoan jokatu arren, zaleen berotasuna eduki zuen taldeak, elkarteak Oñatira joateko autobusa jarri baitzuen.
Berdinketaren ostean, 15. postuan jarraitzen du Hondarribiak, orain 30 punturekin. Atzetik Aloña Mendi du, lau puntura, eta aurretik Vasconia, 2ra (
sailkapena). Hondarribia FE-ren aurkarien artean Elgoibar izan da garaipena lortu duen bakarra. Martuteneri 3-0 irabazi zion etxean eta, 35 punturekin 11. postuan, salbazioa ia eskuetan du. Zarautzek 34 ditu, Touringen etxean golik gabe berdinduta. Postu eta puntu bat atzerago Beti Gazte dago, etxean Hernaniren aurka 0-2 galdu eta gero, eta atzetik Vasconia, 32 punturekin.
Vasconiaren atzetik bi puntura dago Hondarribia, aurreko asteleheneko postu berean, baina puntu bat gehiagorekin. Aloñarekin duen tartea mantentzeaz gain, Ostadarrekiko duten zuloa bost puntukoa da orain —Ordizian galdu zuen—. Bi aste barru Lasarten jokatuko dute hondarribiarrek, garrantzia handiko lehian. Liga amaitzeko geratzen diren sei jardunaldietan, aurkari zuzenen arteko lehietan erabakiko da zein talde jaitsiko diren Lehen Erregionalera.
Baina aurretik Mondragonen kontra jokatuko du Hondarribiak heldu den larunbatean, etxean. Arrasateko taldea bosgarren dago sailkapenean, eta liderraren ondotik gol gehien sartzen duen taldea da. Ea Anaitasunak bezala esku hutsik aldegiten duten Hondartzatik.