Etxean, hegalak moztuta
Irungo Udalaren etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileak mobilizazioak egiten hasi dira. Udalari egotzi diote enpresak zerbitzua emateari uko egitearen ardura, zerbitzua «itotzen» ari dela uste dute.

Etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileak elkarretaratzeak egiten ari dira. Irudian, Gizarte Ongizate Sailaren aurrean egindako bat.
Zerbitzua hain jende gutxik eskatzea ez du uste haren kalitatearen faltagatik denik: «Langile guztiei erizain laguntzaile titulazioa eskatzen digute». Gakoa zerbitzuak eskaintzen dituen aukeretan dagoela iritzi dio. Euren lana egun etxea garbitzera eta zerbitzu higienikora mugatzen da, baina zerbitzu hori zabal daitekeelakoan dago Sorazu, Gipuzkoako beste herrietan egiten den moduan: umeak edo gaixoak zaindu, adinekoak medikura edo banketxera lagundu… Zerbitzua zabaldu aurretik, ordea, udalak egun eskaintzen duena ez dela nahikoa bultzatzen ari azaldu du etxez etxeko langileak, eta adibidez, duela urte batzuk asteburuetara zerbitzua zabalduko zutela «lau haizetara» hedatzen aritu ondoren, orain, hori onesteko zailtasun ugari jartzen dituztela esan du, «baditugu aiton-amonak astelehenera arte kalearekin inongo harremanik izaten ez dutenak». Hori gutxi balitz, udala ez dela «garbi» jokatzen ari gaineratu du, «aspaldidanik ikusi dugu aiton-amonei gizarte zerbitzuetatik beste enpresa pribatu batzuk eskaintzen zitzaizkiela». Zerbitzuaren prezioa ere jomugan jarri du Sorazuk, eta «oso garestia» dela uste du. Aldundiak eta udalak hitzarmen bat sinatua daukate etxez etxeko laguntza aurrera eramateko, eta diputazioak, batetik, diruz laguntzen du, baina, bestetik, baldintza batzuk ere berak ezartzen ditu, prezioa, esaterako. Langileak azaldu duenez, udal batzuek diru laguntzak ematen dituzte hori ordaintzeko, baina Irungoak ez. «Aiton-amona batzuk 10-12 euro ordaintzen dute ordua, baina etxe batzuetara egunean hiru aldiz joaten gara, eta ezin dute ordaindu edo ez dute horrenbeste ordaindu nahi. Beharrezkoa da udalak eskuhartzea kopago horretan», erantsi du. Horregatik, aiton-amonak maila partikularrean lana eskaintzera iritsi direla adierazi du. Sorazuren ustez, egoera horrek horrela jarraituz gero sektoreko egoera okertuko du: «Badirudi etxe bat garbitzea edo aiton bat garbitzea emakume guztiok dakigula egiten. Orduan, ate bat irekitzen ari gara kontraturik gabe, gizarte segurantzarik gabe, oporrik gabe eta inongo eskubiderik gabe lan egiteko». Etxanizen arabera, ezagutu dute emakume baten kasu bat zuzenean Ekuadortik zetorrena, horrelako zerbitzuak ematera: «Ja etxea asignatuta zeukaten, 700 euroren truke egunean 14-15 ordu, interina moduan lan egiteko». ELAko ordezkariak gaineratu duenez, «bere burua sozialistatzat duen udal batek ezin du merkatuaren legeen arabera funtzionatu, eta hirugarren adinekoei zerbitzu duin bat ematea beharrezkoa da».«Gure ustez, udalak zerbitzu hori gainetik kendu nahi du, hiltzen uzten ari da» «Hirugarren adinekoei zerbitzu duin bat ematea beharrezkoa da» Xabier Etxaniz ELA-Gizalan
Horren haritik, Sorazuk gogorarazi du benetan «zerbitzu delikatua» eskaintzen dutela: «Zure etxeko atea arrotz bati irekitzen diozunean, zerbitzuak berme batzuk eskaini behar dituela uste dut; enpresa bat atzean egon». Espedientea Enpresak lan erregulazio espedientea aurkeztu arren, ez daukate horren inguruko informazio zehatzik. Bakarrik dakitena da enpresak zerbitzua emateari uko egiten badio ere enpresa berriak subrogatzeko eskubidea dutela. Hala ere, zalantzan jartzen dute enpresa berria garaiz iritsiko ote den, «kolgatuta» geratu diren beldur dira. Hasteko, gainera, ez dute ulertzen zein arrazoirengatik aurkeztu duen enpresak espedientea. Sorazuren arabera, urteko lan poltsa bat daukate, ia inork ez daukalako lanegun osoa bermatuta, eta urte bukaeran egiten dute kontua gutxieneko orduak sartu dituzten jakiteko. «Ez dugu uste txostena aurkezteko adina ordu zor ditugunik», adierazi du, «orduak zor ez baditugu, beraz, ardura udalean dago». Horrekin lotuta, ordutegi aukera zabala daukate langileek, berez, astelehenetik igandera, «hamabi orduko eskuragarritasuna daukagu, baina praktikan 07:00etatik 22:00etara bitartean egin genezake lan». Eskuragarritasuna zabaltzea erabaki dutela esan du, urteko ordu kopurua betetze aldera. «Zesio ugari egiten ari gara. Denean makurtzen ari garen sentsazioa daukagu». Egoerak gaindituta erabaki dute mobilizazioekin hastea, eta astean bizpahiru egunetan elkarretaratzen dira Gizarte Ongizate aurrean edo udaletxe aurrean: «Gure egoera greban hasteko modukoa dela iruditzen zaigu, baina aiton-amonekiko errespetua mantentzeko saiatzen ari gara ahal dugunean egiten elkarretaratzeak». Kontratu berria Udala kontratu berri batean lanean ari da, urriaren 1ean enpresa berri bat eta baldintza berriekin sar dadin, «egoera berrira moldatutakoak», haren esanetan. Sorazu eta Etxaniz ados daude kontratu berriko baldintzetan aldaketak egon behar dutela. «Udalak zerbitzua zabaldu behar du, eta pertsona horien bizi kalitatea hobetu, ez bakarrik pardela aldatzeko, baizik eta medikura joateko, paseatzeko… Orain ezin dugu hori egin. Horrek bultzatzen du zerbitzu pribatura joatea, edo egoitza batera edo zerbitzu partikularra eskatzera». Baldintza berri horiek egiterako garaian udalak langileei euren iritzia eskatu diela onartu du Sorazuk. Hala ere, «baldintzak lotuta» daudela esan dietela azaldu du langileak, «hitz onak dituzte, baina mugimendu gutxi. Gehiago itxaroten badugu, irtenbide bat ematerako Lanbiden izango gara denak. Irtenbideak orain ematea nahi dugu bai aiton-amonei eta baita lan taldeari ere».«Zesio ugari egiten ari gara. Denean makurtzen ari garen sentsazioa daukagu» «Udalak zerbitzua zabaldu behar du, eta pertsona horien bizi kalitatea hobetu» Marijo Sorazu Etxez etxeko langilea
«Zerbitzua hobetuko dugu ahal den neurrian»
Sergio Corchon Gizarte ongizateko ordezkaria.Egungo etxez etxeko laguntza zerbitzuak ‘handicap’ batzuk dituela onartu du Corchonek, baina udala prestatzen ari den kontratu berrian aldaketak egiteko «irekia» dagoela esan du.
Nola baloratuko zenuke Irungo etxez etxeko laguntza zerbitzua?
Etxez etxeko laguntza zerbitzua oso garrantzitsua da, dependentzia arriskuan edo beste ahultasun sozialean dauden pertsonei laguntza ematen dielako etxean bertan. Oso garrantzitsua da hori, gizarte zerbitzuen baliabide bat etxera doalako.
Clece egun zerbitzua kudeatzen duen azpikontratak zerbitzua emateari utziko dio, baina ez da hori egiten duen enpresa bakarra izan. Zergatik uko egiten diote enpresek?
Egia da enpresa batzuk ez jarraitzea erabaki dutela, hainbat arrazoirengatik, eta kasu honetan, Clecek badirudi ez duela jarraitu nahi arrazoi ekonomikoengatik.
Beste enpresek ere arrazoi berarengatik uko egin zioten?
Ez dakit. Nik Cleceren kasua bakarrik ezagutu dut.
300 lagun inguruk jasotzen dute etxez etxeko laguntza zerbitzua. Erreferente bat da irundarrarentzat udalak ematen duen zerbitzua?
Zaintzaren arlo guztian jende asko nahasi egiten da askotan. 2006an Dependentzia Legea martxan jarri zen, eta honek Gizarte Zerbitzuetan eragiten zuen. Modu batean esanda, etxez etxeko laguntza zerbitzuarekin lehiatzen hasi zen, arlo antzekoa hartzen zuelako. Oro har, irundarrek ezagutzen dute etxez etxeko laguntza zerbitzua, baina egia da askotan kosta egiten zaiela bereiztea Dependentzia Legearekin lotura daukaten beste prestazioetatik.
300 lagun ingururi laguntza ematea ez al da gutxi, kontuan hartuta Irunek 60.000tik gora biztanle dituela?
Beste herrietako portzentaiaren antzekoa da. Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren gainean hausnarketa bat egin behar da. Zerbitzuak hainbat muga garrantzitsu ditu: baliabide eta bitarteko guztiak aldundiarekin sinatutako hitzarmenaren eta enpresaren kontratuaren arabera ezarrita daude. Egia da, kopurua murritza dela biztanleria kontuan hartuta, baina handicap horiek ditugu. Horrez gain, zer gertatzen da? Arreta Pertsonaleko Zerbitzua, esate baterako, pixka bat merkeagoa dela etxez etxeko laguntzarekin alderatuta, eta hori jendeak badaki. Kasu horretan etxez etxeko laguntza zerbitzua desabantaila egoera batean dago beste zerbitzu horiekiko, eta egun ezarrita dagoen kontratuarengatik.
Edonola ere, asteburuetan etxez etxeko laguntza zerbitzua eskaintzen da, baina langileen arabera, zailtasun ugari jartzen dituzte onesteko. Nahikoa bultzatzen ari al da udala duen zerbitzua?
Irungo Udala etxez etxeko laguntza zerbitzua eguneratzeko prozesu batean sartuta dago, eta ikusten ari gara zein beste baliabide eskaini daitezkeen. Langile bat liberalizatu dugu horretarako. Ahal dugun neurrian etxez etxeko laguntza zerbitzua hobetzeko asmoa dugu.
Dituen mugak ikusita, aldundiarekin duzuen hitzarmena eguneratzea aztertu duzue?
Iaz izandako bilera batean etxez etxeko laguntza zerbitzuari buruz hitz egitea eskatu nuen. Eskaera hori modu transbertsalean aztertzea onartu zen, beste udalei ere eragiten zielako, eta horretan ari gara. Aldundiak etxez etxeko laguntza zerbitzuaren zati bat ordaintzeko asmoa azaldu du, eta ikusten ari gara zein tarte dugun, konpetentziak eta aurrekontu mugak ere hor sartzen direlako.
Kontratu eta baldintza berriak egiten ari zaretela, kontuan hartu duzue zerbitzua zabaltzea?
Zein aukera eta tarte dugun ikusteko eta zerbitzu zehatzak zabaltzeko irekita gaude.
Langileak beldur dira enpresa berria ez dela garaiz iritsiko. Zenbat denboran espero duzue hori martxan jartzea?
Gai juridikoa da. Gure asmoa da baldintzak lehiaketara ateratzea, epea errespetatzeko, eta urriaren 1ean enpresa berri bat hastea baldintza berriekin.
Justu ibiliko zarete, beraz.
Bai, administrazioak bere faseak dituelako eta ez da erraza. Saiatuko gara bizkortzen. Ez dugu tarte handirik.
«Gure ustez, udalak zerbitzu hori gainetik kendu nahi du,
hiltzen uzten ari da»
«Hirugarren adinekoei zerbitzu duin bat ematea beharrezkoa da»
Xabier Etxaniz
ELA-Gizalan
«Zesio ugari egiten ari gara. Denean makurtzen ari garen sentsazioa daukagu»
«Udalak zerbitzua zabaldu behar du, eta pertsona horien bizi kalitatea hobetu»
Marijo Sorazu
Etxez etxeko langilea
