Hondarribiko XVII. Traineru Jaitsiera egingo dute inauteri larunbatean. Espigoian berdea izango da nagusi, itsasoan ere hala izatea nahi dute etxekoek.
Iaz etxeko Ama Guadalupekoa nagusitu zen. Ibaian egin behar izan zuten, eguraldiagatik
Sekulako inauteri giroa espero da bihar arratsalderako Hondarribiko Alde Zaharrean, baina Hondartza aldean bizituko dena ez da haren itzalpean geratuko.
Orioko estreinaldiaren ondoren, traineruen denboraldiko bigarren zita iritsiko da bihar: Hondarribiko XVII. Traineru Jaitsiera.
Orotara, 32 traineru lehiatuko dira bihar hondartza parean, 20 gizonetan —horietatik sei San Miguel ligan aurkari izango direnak—, zazpi emakumeetan, eta bost beteranoen mailan. Ikusteko leku onenak, Hondartzako espigoia, kai berrikoa, eta hondartza bera. Ez dezala eguraldiak zapuztu.
Gizonetan, TKE Ligako sei ontzik parte hartuko dute estropadan, hiru gipuzkoar, bi bizkaitar, eta kantabriar bat. Etxekoak, noski, ez dira faltako, eta Ama Guadalupekoa ontzikoekin batera, San Juan, eta San Pedro ariko dira lehian. Bizkaitik, hondarribiarren azken urteotako kontrario nagusi Urdaibai batetik, eta bestetik Ondarroa. Kantabriatik, Astillero. Orotara, 20 ontzi, eta bi eta erdi, etxekoak: Ama Guadalupekoa (azkena aterako da, 16:31an), Hondarribia B (16:20), eta Isuntza eta Hondarribia arraun elkarteko arraunlariez osaturiko ontzi mistoa (16:17).
Emakumeetan zazpi traineru aterako dira uretara, horietatik hiru Oarso Bidasokoak: Hibaika eta San Juan faboritoak, eta etxeko ontzia, egunetik egunera hobetuz doan Hondarribia Arraun Elkarteko ordezkaria (16:06 irteera ordua).
Bi luze eta itsas zabalean
Garai batean Kontxaren sailkapen estropada lehiatzeko erabiltzen zen eremu berean jokatuko da bihar traineruen jaitsiera, hondartza parean; 1982 urtera arte lehiatu zen bertan Kontxako sailkapen estropada. Bi luzeetara neurtuko dituztenez indarrak —ziaboga bakarrarekin—, ontziak itsas zabalera irtengo dira, ikuskizuna are erakargarriagoa eginez.
Probaren garaipenen errekorra Hondarribiak du, seitan irabazita; lau aldiz irabazi du Oriok, hirutan Urdaibaik, bitan Astillerok eta behin San Pedrok.
Irteera ordena