Teresa Errandonea atletari egindako elkarrizketa, pistako Maila Absolutuko Espainiako Atletismo Txapelketan zilarra eskuratu ostean
Teresa Errandonea eta Ibon Muñoz BATeko kideak.
Teresa Errandonea (Irun, 1994), 60 metro hesietako atleta irundarra Bidasoa Atletiko Taldeko (BAT) kidea da. 2015eko udaberrian izan zuen oinazpiko lesioaz erabat osatu ondoren, aurten
zilarreko dominarekin bueltatu da Salamancan ospatu den pistako Maila Absolutuko Espainiako Atletismo Txapelketatik. Nahiz eta lehen irteera hutsala egin, epaileek atzera egin zuten euren erabakian eta berriro domina eskuratzeko lanean jarri zen. Gipuzkoako marka berria ezartzeaz gain (8,32), finalean Euskadiko marka berria ezartzeko aukera ere izan zuen (8,25). Ohorezko Mailan ibili diren lehen urtea da BATeko neskentzat, eta atletak etorkizuna nola ikusten duen jakin nahi izan du HITZAk.
Urte eta erdi luzez maila onenera iritsi gabe ibili ondoren, maila onenera bueltatu zara. Nola lortu duzu?
Esan duzun bezala, ia bi denboraldi oso daramatzat lesio gogor eta fisioterapeutekin, baina gaur egun hobeto nago. Urte honetarako prest egoteko asmoarekin hasi nintzen irailean gogoz entrenatzen. Aurreko bi urteetan ez bezala, entrenatzen hasi eta berehala hobekuntza nabaritu nuen, eta horrek indar handia eman dit aurrera jarraitzeko. Abenduan oso ongi hasi nintzen lehiatzen. Egia esan, hasieratik dena ondo joan da eta oso pozik nago.
Nola ikusten duzu zure burua Ohorezko Mailan?
Hasiberri [barrez], baina egia esan ongi. Pixkanaka nazioarteko marketara iristen ari naiz, eta oso gustura nago. Ikusiko dugu etorkizunak zer ekar dezakeen.
Gipuzkoako eta Euskadiko markak egin ostean, beste marka berriren bat duzu buruan?
Gaur bertan [osteguna, hilak 23] Madrilera goaz, hango Gallur kiroldegian nazioarteko meeting bat egingo delako. Lortu ditudan markak pixka bat hobetzen saiatuko naiz han, dena ondo joanez gero. Baina 8,25eko markarekin denboraldi hasieran nuen helburua lortu dudala esan dezaket.
Europako Txapelketa sartzeko 7 ehunenetara geratu zara, hurrengo helburua ote?
Bai, baina hurrengo urteari begira. Aurtengo denboraldian ez dut uste ahal izango dudanik. Egia da 8,22 markara iritsi nahiko nukeela biharko egunean, baina hortik gehiago jaistea ez dut oso erraz ikusten. Marka horiek hurrengo denboraldian edo hurrengo urteetan planteatzeko markak direla uste dut.