Bost mozio aurkeztu dituzte, EH Bilduk hiru, eta SPIk bi.
Otsaileko ohiko udalbatzarra izango da, gaur, udaletxean. Zinegotziek hamalau puntuko gai zerrenda izango dute aurretik, eta horien artean, Udal Etxebizitza Tasatuen ordenantza berria eztabaidatu eta onartuko dute.
Xabier Iridoy Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, egungo araudia zaharkitua geratu da, eta aldaketak behar ditu, besteak beste, Eusko Legebiltzarrak onartutako Etxebizitza Legeak bultzatuta. Oraingo udal araudia 2008koa da. Tasatutakoak diru sarreren gehienezko kopurua igarotzeagatik Babes Ofizialeko Etxebizitzetara jo ezin dutenei zuzenduta daude.
Iridoyren arabera, udalak tasatutako etxebizitzek krisiaren eraginez, merkatu librearekin lehiatu behar izan dute, eta honek “merkatutik kanpo” utzi ditu.
Hemendik aurrera, etxebizitza tasatuak ez dira zozketa bidez adjudikatuko, eta baremazio bat kontuan hartuko da, errenta, familia kideen kopurua eta antzinatasuna aztertuta.
Horrez gain, hainbat baldintza bete beharko dituzte: etxebizitzak ohiko bizileku izan beharko dute, eta 90 metro koadrokoak gehienez (120 metro koadrokoak familia ugarientzat). Gehienezko salmenta prezioa Babes Ofizialeko Etxebizitzaren gehienezko prezioarekiko 1,70 izango da, eta alokairuaren kopurua gehienezko salmenta prezioaren %3 (gehienez 623 euro hileko).
Bost mozio
Gaurko udalbatzarrean beste bost mozio ere eztabaidatuko dituzte: EH Bilduk aurkeztutako hiru eta SPIk aurkeztutako bi. EH Bilduk Pablo Picassoren
Gernika artelana Gernikara (Bizkaia) eramatea eskatuko du. Gainera, etxe kaleratzeak saihesteko gizarte laguntzak eskatuko ditu, eta azkenik, Garoñako zentral nuklearra berriro ez irekitzeko galdegingo du.
SPIk, berriz,
Diru Sarrerak Bermatzeko errentari %8ko igoera aplikatzeko eta
konpainia elektrikoei Espainiako Auzitegi Gorenak ezarritako tasak ezartzeko bi mozio aurkeztu ditu.
Otsaileko ohiko udalbatzarra egingo dute gaur, 19:30etik aurrera.