Ostiralean Sainduan eta Jostaldin, larunbatean baserri eremuan eta Alde Zaharrean, eta igandean Portuan. Hori da hurrengo egunetarako plana Hondarribian.
Iazko parodiako une bat. Bigarrenez egingo dute Jostaldin aro berrian
Ostiralean Sainduan eta Jostaldin, larunbatean baserri eremuan eta Alde Zaharrean, eta igandean Portuan. Horrela laburbildu daiteke Hondarribiko Udalak eta herriko hainbat eragileek inauterietarako antolatu duten eskaintza. Azken urteetan egitaraua mantendu da, ia aldaketarik gabe, eta, kasu honetan behintzat, arrakastaren seinale da egonkortasun hori.
Giroa, batez ere, asteburuan egongo da, baina hasi, ostegunean hasiko dira inauteriak, Musika Eskolako ikasleek egingo duten mozorro kalejirarekin. 18:30ean abiatuko dira Kultur Etxetik. Neurriz txikia den arren, giroan sartzeko ekitaldi polita izaten da.
Lehen ekitaldi jendetsua IV. Herri Olinpiadetako parodia izango da, ostiral gauean egingo dutena. Bigarrenez aro berrian, Jostaldin izango da —lehen ekitaldian ez zen parodiarik izan egin eta bigarrenean Soroetan antolatu zuten—. 21:30ean irekiko dituzte Jostaldiko ateak eta, gutxi gorabehera, ordu erdi geroago hasiko da ikuskizuna. Batzorde olinpikoak jakinarazi duenez, hurbiltzen diren lehen mila lagunentzako sarrerak banatuko dituzte, doan.
Ostiralean ere, baina parodiaren aurretik, Saindua Udal Gaztelekuan egingo dute mozorro festa. Gazte zerbitzuan otsailean zehar egin duten mozorro tailerrean ikasitakoa erakusteko aukera izango du baten batek.
Larunbatean ekitaldi gehien
Larunbatean batez ere Alde Zaharrera mugituko da mozorro festa, baina baserri eremura lehenago iritsiko dira ekitaldiak. 09:00etan Sainduatik abiatuta, mairuak baserriz baserri ibiliko dira goizez. Arratsaldean, aldiz, Meakako dantzariek Euskal Inauteria zabalduko dute Hondarribiko landa eremuan.
Eguerdian, Abiyuan txaranga ibiliko da kalez kale, Portutik batez ere. Alde Zaharrean, bazkaria izango da ekitaldi zentrala, baina aurretik eta ondoren ez da festa faltako. Bazkariaren ondoren eromena izango da. La3 konpartsaren joan etorri musikalak, Aisa Behia erromeria taldearen estreinako kontzertua —olinpiadetako abestia entzuteko aukera izango da—, eta DJ Kanu, bukatzeko.
Kalixa Silanes Hondarribiko udaleko Kultura zinegotziak inauterien aurkezpenean nabarmendu duenez, azken urtetan udalak eta La3 konpartsak hartu duten eskarmentuari esker giro ezin hobea sortzen da larunbatean Alde Zaharrean: “Eguerditik gaueraino Alde Zaharrean giro ederra sortzen da, udalaren eta La 3 taldeak egindako esfortzuari esker”. Gainera, gainontzeko ekitaldietan parte hartzen duten herritarrei zuzendu zaie Silanes, egiten duten esfortzua eskertzeko.
Iganderako, desfilea
Eta igandean, inauterietako desfilea, milaka eta milaka herritar eta bisitari bilduko dituena, espaloian nahiz desfilean. Momentuz, ateri eutsiko diola eta tenperatura hamar gradutik gorakoa izango dela iragarri du Euskalmetek. Azken urteetako aurrekariak ikusita, horrekin konforme.
Aurreko urteetan zirarekin desfilatu dute konpartsek. Aurten, momentuz, ez da euririk espero
Hainbeste ekitaldiren artean atsedenerako tarteren bat hartzea komeni da. Atsedenerako behar hori aitzakia ona izan daiteke, esaterako, Arma Plazako inauterietako kartelen erakusketa bisitatzeko. Martxoaren 5a arte izango da bisitatzeko aukera, astelehenetik larunbatera 10:00etatik 18:00etara, igandetan goizez bakarrik.
Azken berriak
Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.