Erraustegiek osasunean duten eraginaz arituko dira bihar Irunen OEIT-k prestatu duen hitzaldian.
Otsailaren 4ean Hondarribian erraustegiaren aurka egin zen manifestazioa.
Erraustegiek osasunean duten eraginaz arituko dira bihar Irunen Erraustegiaren Aurkako Txingudiko Plataformak (EATP) prestatu duen hitzaldian. “Ba al dakizu zein eragin duen Ingurumen Guneak edo erraustegiak osasunean?” lelopean egin dute deialdia biharko egunerako Irungo herrian.
Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko (OEIT) medikuekin izango da EATP-k antolatutako hitzaldi hau. Gipuzkoako Diputazioak Zubietan ireki nahi duen erraustegiak gipuzkoarren osasunean duen eraginaz arituko dira. Honetarako, adituak diren bi medikurekin solasaldia eskainiko dute. Alde batetik, Joxe Mari Tallon izango dugu euskaraz, eta bestalde, José Cruz Villandiego gazteleraz.
Gai honen inguruan azterketa sakon bat egin ostean, pertsonengan erraustegiak dituen ondorio zuzenen txostena kaleratu du OEIT-k. Honetan, erraustegia eta gure osasunaren arteko lotura estua ikertu dute. “Zein gai sortzen eta isurtzen dira erraustegi batean?” edo “Zenbaterainokoa da gaitzak garatzeko arrisku maila?” galderei erantzuna emango diete bi medikuek hitzaldi honetan.
Hitzaldia biharko egunean izango da, hilak 22, 19:30ean, Irungo Oiasso Museoan.