Aisa Behia taldeak 'Lehia berri bat' sortu du aro modernoko IV. olinpiadetarako. Aurretik beste lau abesti izan dituzte olinpiadek. Entzun denak hemen.
Parodiaren aurretik zuzenean estreinatuko dute ‘Lehia berri bat’, Arma Plazan
Lehia berri bat da Hondarribiko abesti olinpiko berria, aro modernoko IV. Herri Olinpiadetarako sortu duten doinua. Aisa Behia taldeak egin du eta, olinpiadetako partaideak ez ezik, herri osoa dantzan jartzea du helburu. Larunbatean zuzenean entzuteko aukera izango da Arma Plazako karpan Aisa Behiak emango duen lehen kontzertuan.
Entzun abestia
Erromeria talde berria da Aisa Behia, Hondarribiko bost gaztek osatua: Jon Goikoetxea (bateria), Jose Vergara (gitarra), Unai Heras (teklatua, ahotsa), Leire Olasagasti (panderoa, ahotsa) eta Iraitz Kanpandegi (soinua, ahotsa). Kanpandegi eta Goiko olinpiadetan ari dira parte hartzen (Iguiñak eta Tximista taldeetan, hurrenez hurren), eta gainontzekoek, aritu izan diren arren, utzita dute kirol olinpikoa.
Kanpandegik azaldu digunez, “batez ere Heras, Olasagasti eta nire artean sortu dugu abestia, baina taldekide guztiek lagundu dute, bai musikan, bai letran”. Aurreko urteetan bezala, Psilocybeko estudioetan grabatu eta nahastu dute, Mikel Iturriaren aginduetara.
Berbena taldea diren heinean, Lehia berri bat dantzagarria izatea bilatu du Aisa Behia taldeak: “Kanta alaia eta indartsua dela uste dugu eta bi aldiz entzutean buruan berehala geratzen dena”. Inaugurazio ekitaldian entzun ahal izan zen, eta harrera oso ona izan zuen kantak, baina zuzenean oraindik ez dutela jo aitortu du Kanpandegik.
Baliteke larunbatean izatea horretarako aukera, inauterietako bazkariaren ondoren kontzertua emango baitu Aisa Behiak Arma Plazan, 20:00etatik 21:00etara. Emanaldia gogo handiz prestatzen ari direla aurreratu du soinu-joleak: “Giro alaia jarri eta ondo pasatzea dira gure helburuak, eta jendeak horrekin disfrutatzen badu, guretzat nahikoa”. Hala izan dadila!
Aurretik beste lau
Jabier Muguruzak eta Jexux Mari Mendizabalek sortu zuten olinpiadetako lehen abestia; irundarrak jarri zion musika Bixargorriren bertsoari eta garai bateko olinpiadetako ikurretako bat bilakatu zen. Ez olinpiadetakoa bakarrik, oso abesti maitatua zen (eta da); oraindik orain askori oilo ipurdia eragiten die, garai hartako irudiak gogora ekartzen baitizkie kantak.
Entzun
Olinpiaden aro berriko lehen urtean, gazteek olinpiadetako abestia berreskuratu zuten, eta DJ Aristi eta DJ Kanupiren bitartez berriro entzun zen olinpidetako probetan. Hori bai, gazte batzuei motelegia iruditu zitzaien eta rock ukitu bat eman zioten, letra mantenduz.
Entzun
Hurrengo urtean, 2014-2015eko olinpiadek kanta berria behar zutela pentsatu zuen Elektropatxarangak, eta Psilocybenean sartu ziren prestatzera. Ko-aurkezle lanetan ziharduen Koldo Emeryk sortu zituen letrak, eta txarangako talde guztiek lagundu zuten musikarekin; ska doinuak nagusi ziren ereserki olinpiko berrian eta Itxaropena tabernaren goiko bizilagunek azkar ikasi zuten. Grabaketa eta nahasketa Iker Alzagak egin zituen, Mikel Ramirez eta Hodei Eceizaren laguntzarekin.
Entzun
Hondarribiko Elektropatxaranga iazko eta duela bi urteko doinuak egin zituen
Eta iaz berriro egin zuten Elektropatxarangakoek, olinpiadetako talde guztien izenak jasotzen zituen abesti berria sortuz. Oraingoan ahalik eta ale gehien saltzea izan zuten buruan eta ukitu are eta latindarragoa eman zioten. Saldu, ez zuten saldu, baina Ekuadorren gehien pirateatutako abestietako bat izan zen udan.
Entzun
Eta aurten, aro berriko IV. ekitaldirako, Aise Behiaren eskutik dator ondo pasatzeko eta dantzarako gonbita. Aukeratu bat edo beste bat, edo hobe, aukeratu guztiak, eta gozatu. Biba olinpiadak, biba zuek!
Azken berriak
Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.