Udal-ordenantzaren bitartez, energia elektriko, gas edo hidrokarburo enpresei tasak ezartzeko kudeaketak egiteko eskaera egin du Sí se Puede Irun-ek.
Carlos Reglado eta David Soto SPI Si Se Puede Iruneko hautetsiak.
Irungo SPI Sí se Puede udal taldeak enpresa elektrikoei tasak ezartzeko irizpideak eta kudeaketak egiten hasteko eskaera egin du. Enpresa hauek, energia elektrikoa, gasa edo hidrokarburoak garraiatzeko dituzten instalazioek eremu publikoa erabiltzeagatik —Auzitegi Gorenak joan den abenduan epaietan ezarri zuen bezala— ordaindu beharreko tasa horien bermatzea eskatu du.
2004ko Tokiko Ogasunen Lege Arautzaileak konpainia elektrikoek eta gas, ur eta hidrokarburoen enpresek airetik, zorutik eta lurpetik hornitzen dituzten udal-barrutian fakturatutakoaren %1,5 udalerriei ordaindu behar dietela ezarri zuen. Gainera, zuzenean hornitzen ez dituzten arren, udalerriak zeharkatzeagatik ere ordaindu beharko dutela erabaki zuen. Konpainia elektrikoak auzitara joan dira udalekin tasa hauek ekidin nahian. Gorenak zerga berretsi zuen, eta epaietan ezarri diren baldintzetan, udal-ordenantzaren bitartez, lan egiteko eskaera luzatu du Sí se Puede Irun-ek.
Epai irmoa
Pasa den abenduan, Auzitegi Gorenak epai irmo bidez enpresa elektrikoei eremu publikoa erabili edo baliatzeagatik tasa batzuk ordaintzea erabaki zuen. Auzitegi Gorenak ordenantza hori berresteaz gain, Espainiako Udalerri eta Probintzien Federakuntzak landutako txosten tekniko ekonomikoren ondoriozko tarifak ere berretsi zituen. Epai honen arabera, urtean 3.000 eurotik 12.000 eurora bitarte kobra daiteke kilometro bakoitzeko, tentsio mailaren arabera, eta 500 eurotik 4.000 eurora bitarte urtean gasbide kilometro bakoitzeko.