Ostegunean 80 urte beteko dira Kandido Saseta Euzko Gudarosteko komandantea hil zutenetik. 2008tik bere gorpuzkiak Hondarribiko kanposantuan daude.
Amaiur batailoia antolatu zuen Kandido Sasetak
Ostegunean, 80 urte beteko dira frankistek Kandido Saseta Euzko Gudarosteko komandante hondarribiarra hil zutenetik. Data hain seinalatuan, gudarien buruzagia omenduko dute Hondarribiko kanposantuan, 2008tik haren gorpuzkiak gordetzen diren tokian.
Tiroz hil zuten Saseta Asturiasko Areces herrian, 1937 urteko otsailaren 23an, eta berarekin batera bere agindutara zeuden beste 80 gudari akabatu zituzten. Hamarkadetan haien guztien gorpuak desagertutzat eman ziren, Sasetaren Aldeko taldeak 2008an ikerketa abiatu zuen arte. Lekukoen adierazpenetan oinarrituta, Saseta lurperatu zuten eremua zehaztu zuten, eta lurra arakatzen hasita hilotz bat aurkitu zuten. Aranzadik baieztatu zuen aurkitutako gorpua hondarribiarrarena zela, eta gorpua Euskal Herrira eramatea erabaki zuten.
Urte horretan, apirilaren 26ko eguerdian Bakearen eta Berradiskidetzearen Aldeko IV. Gernika Saria eman zioten eta ordu batzuk geroago, Hondarribian, bere gorpuzkiei lurra eman zitzaien. Harez geroztik, Hondarribiko kanposantuan dago Kandido Saseta lurperatuta, Jose Bergamin idazlearen hilobiaren ondoan.
Sasetaren heriotzaren 80. urteurrenaren harira, bi omenaldi antolatu dituzte ostegunerako Hondarribiko kanposantuan. Eguerdian, 12:00etan, Sasetaren Aldeko Taldeak lore eskaintza egingo du bere hilobian. Eta arratsaldean, 17:00etan, ekitaldi instituzionala iragarrita dago; besteak beste, Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak, Markel Olano ahaldun nagusiak eta Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza batek parte hartuko dute.