Hondarribia FE-k kromo bilduma argitaratu du, talde guztietako jokalarien itsasgarriekin. Oso harrera ona izan du elkartean, baita herrian ere.
(Ilustrazioa: Isabel Mancebo Balda)
Atera bezain pronto, agortuta! Astebete ere ez du iraun Hondarribia Futbol Elkartearen (Hondarribia FE)
kromo bildumaren lehen edizioak. Elkarteko talde guztien argazkien kromoak argitaratu dituzte, alebinetatik hasi eta Ohorezko Mailako talderaino, baita zenbait talde historiko batzuenak, nahiz beste hamar itsasgarri Nazio Batuek 1959an onarturiko haurren eskubideei erreferentzia egiten dietenak ere; orotara, 450 kromo lortu beharrekoak. Hasteko, 286 album eskatu zituzten eta sei kromoko 3.200 pakete, euro batean saltzeko. Hiru egunetan ez zen bat ere gelditzen.
Klubaren ideia zen bilduma barne kontsumorako izatea, baina uste baino gehiago zabaldu dela onartu du Javi Cuadrado zuzendaritzako kideak: “Ez genuen hau espero. Elkarteko jokalari eta entrenatzaileentzako albumak eskatu genituen, eta beste 50, badaezpada. Baina azkar agortu ziren eta gehiago eskatu genituen. 350 atera ditugu momentuz, 236 pertsonalizatuak, eta beste 114 normalak”.
Pertsonalizatu bakoitzak elkarteko jokalari edo entrenatzaile baten kromoa du azalean inprimatuta, bestelakoak normalak dira. “Argitaratu dituen enpresak esan digunez —esan du Cuadradok—, lehen aldia da azal pertsonalizatuak egiten dituztela. Gurea izan zen proposamena, badakizu, tarteka ateratzen diren ideia zoro horietako bat”. Haurrentzako oroitzapen polita izan daitekeelako egin zuten horrela: “Orain agian ez dira kontziente, baina hemendik hogei urtera ilusioa egingo die”.
Hainbeste itxoin gabe, Naroa Elduaien Haurren Mailako atezainari “superpolita” iruditu zitzaion azalean bera duen albuma jasotzea, “oso ideia ona eta polita iruditu zait albuma, eta pertsonalizatua egitea, oso orijinala”, eta taldekideek gauza bera uste dutela gehitu du.
Taldekide gehienek baino zorte handiagoa izan du Elduaienek: “Orain arte 11 pakete erosi ditut eta ja tokatu zait nire kromoa”. Lagunak inguruan zituen lortu zuenean eta, onartu duenez, “lotsa eta poz handia” sentitu zituen. Dagoeneko baditu kromo errepikatu batzuk eta eskolako jolastokian aritzen dira neskak eta mutilak itsasgarriak trukatzen. Josean Arrieta klubeko presidentea bereziki pozik dago, “elkarrekin ari direlako bilduma egiten, neskak mutilekin, talde batekoak bestekoekin. Elkarte barruko harremanak sendotzeko balio izan du”.
Salmentan, eromena
Asteazken arratsean kaxa baten zain zegoen Maria Carrera, San Pedro kaleko Ipotx goxoki dendako arduraduna; bigarrenez agortu zaizkio kromoak. “Hau ez zait sekula gertatu, kromoekin, sekula ez”. Ostegunean jarri zituen salgai, seiko 200 pakete zituen saltzeko, eta ordubetean agortu zitzaizkion. “Hauek [Santander Ligako bildumako sobre bat hartuz] oso ondo saltzen dira, udan kromorik gabe egon eta gero lehenengoak direlako. Asteburu batean 100 pakete saldu daitezke, baina Hondarribia FE-renak ordubetean 200 saldu nituen, jende ilara beste espaloiraino iristen zen”. Ostegunean salgai jarri eta segituan agortu, eta ostiralean, kromo berriak iritsi baino ordubete lehenago, zain zituen haurrak. Asteartean berriro agortu zitzaizkion, eta zerrenda osatzea erabaki zuen: “Hauek erreserbatu dizkidate [dozena bat izen erakutsiz]”.
Carrera harrituta dago gertatu denarekin, “erotzen dira, norberaren kromoa tokatu arte erosi eta erosi aritzen dira”. Baina oso ondo pasatzen ari dela gaineratu du: “Oso polita ari da izaten. Bakoitzak bereak ireki eta gero besteenak ikustera joaten dira, haiekin kromoak trukatzeko, baina baita zeintzuk agertzen diren ikusteko ere. Mutilek neskenak ikusi nahi dituzte, eta neskek mutilenak”.
Asteazken arratsean kromo gehiago eraman zizkioten Ipotxeko saltzaileari, baina ziur dago asteburua pasatu baino lehen berriro bukatuko zaizkiola. Ziurrenik gauza bera gertatuko da beste hiru salmenta tokietan, Route 33 eta Ardora kafetegietan, eta Sokoako liburu dendan. “Hasieran 3.200 pakete eskatu genituen —kontatu du Gonzalok—, eta nahikoak zirela uste genuen. Astebete ez da pasatu eta beste 2.400 eskatu behar izan ditugu. Eromena izan da”. Eromen berdea.
“Barruko harremanak estutzea eta elkartearen irudia herrian zabaltzea” zen bildumaren ideia, eta dagoeneko lortu dute. Arrieta presidentea asebeteta dago astebetean kromoekin lortu dutenarekin, eta aurrerago zerbait gehiago egin beharko dutela pentsatzen du: “Alebinetatik aurrerako taldeak azaltzen dira albumean, baina horiez gain futbol eskola dugu, 500 haur eta gazte baino gehiago. Albumak erakutsi du futbol elkarteak herrian baduela indarra”.
Albumaren ondoren, beste zerbait prestatzen ari dira Gonzalo, Arrieta eta Hondarribia FE-ren zuzendaritzako gainontzeko kideak. Klubaren argazki zaharrak digitalizatzen ari dira eta argazkiekin eta ideiekin laguntzeko eskatu diete zaleei (
posta elektronikoz bidal daitezke). Datorren urterako zer edo zer egin nahi dute, baina oraindik ez daukate oso argi nondik jo. Egiten dutena eginda ere, zaila izango da 2016-2017ko denboraldiko argazki ofizialak jasotzen dituen albumaren arrakasta gainditzea.