Erakustazokak %11ko hazkundearekin itxi du urtea, 1,5 milioi euroko fakturaziora iritsiz.
2016. urteko balantzea egin du Ficobak. %11ko hazkundearekin itxi du urtea, 1,5 milioi euroko fakturaziora iritsiz, eta 150.000 euroko superabita izan du. Datu horiek eskuan, Ander Sarratea Ficobako gerenteak “urte emankorra” izan dela adierazi du.
Maila kualitatiboan, Ficobak antolatzen dituen jardueren artean, Uhinak kongresua sendotu eta Bioterra azoka profesionalizatzea lortu dutela gaineratu du Sarrateak. Antolatutako ekitaldi guztien irakurketa positiboa egin du, baina Gabonetako azoka egon da okerren kokatuta, batik bat egutegiak baldintzatuta.
Maila guztietan igo dira datuak, oro har: jarduera gehiago antolatu dituzte (247) eta bisitarien kopurua ere hazi egin da zertxobait, 138.167ra iritsiz. Aurreko urtean baino ehun erakusketari gehiagok parte hartu dute (850), eta horrek inguruko komertzio eta ostatuetan eragina izan duela adierazi du. 2.000 bat gau eman dituztela bertan kalkulatu du Ficobak.
Horrekin lotuta, LKS enpresari agindu dio txosten zehatz bat egiteko datu errealak jakiteko, eta horien berri datozen hilabeteotan emango dute. Bestetik, Ficobaren esku erreminta bat utziko dutela jakinarazi du, urtero inguruan duen eraginaren indizea kalkulatzeko.
Azokak Ficobak antolatzen dituen ekitaldien %7 baino ez dira, baina diru iturri nagusia ere bera da (%45). Hurrengo diru iturri nagusia (%35), eta ekitaldi errepikatuena (%62) bilerak dira. Hain zuzen, etorkizunera begira, Ficoba ongi kokatuta dagoela iritzi dio Sarrateak, bien arteko balantza mantentzen delako.
Ekitaldi berriak ere izan direla aipatu du gerenteak, zazpi, guztira. Hala nola, Outlet azoka 25.000 lagunekin, edo hainbat mugaz gaindiko ekitaldi.
Aurtengo ekitaldiari begira, azoka guztiak errepikatuko dituztela adierazi du Sarrateak, eta ekitaldi berri batzuk ere erantsiko dituzte agendan: hiru profesionalak (Gipuzkoako Turismo Sektoreko I. Enplegu azoka, Basquisite erakusketa, eta I. Ficure Segurtasun Azoka) eta lau jende guztiari irekiak (Txingudi Beer Week, I. Karabana eta Outdoor Azoka, South Europe WOD Festival, eta Harri, Orri, Ar eskulanei buruzko erakusketa).
Antton Tomasena Gipuzkoako Ekonomia Sustapen diputatuak datu horiek “politak” izan direla iritzi dio, eta aurrera begira, “oraindik eta politagoak” izango direla gaineratu du. Zentzu horretan, iraganean Ficobari buruz egon zitezkeen zalantza guztiak uxatu direla esan du. Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekonomia sustatzeko ekonomian Ficoba “palanka ezin hobea” dela esan du.
Isabel Muela Turismo sailburuordeak ere bide beretik hitz egin du, eta instituzioen arteko koordinazioa bultzatu behar dela adierazi du.
Jose Antonio Santano Irungo alkatea eta Ficoba Fundazioko presidenteak ere instituzioen arteko lankidetza balioan jarri du. Santanoren arabera, Ficobaren ibilbidea ona izan da, baina etorkizunean hobea izatea espero du. Hiru gako jarri ditu: mugaz gaindiko proiektua izatea, oso ongi dimentsionatutako esparrua eta ekonomia aktibatzeko motorra izatea.
Ficobako emaitzen berri eman dute. Irudian Antton Tomasena, Jose Antonio Santano, Isabel Muela eta Ander Sarratea.