Bihar geratuko da aske, hainbat espetxealdi bizi izan eta gero, baina ezingo du Espainiako Estatuan sartu.
Ostiralean geratuko da aske Jean Pierre Harokarene
Txanpi Faisan auzia deitutakoarengatik espetxean zegoen azken presoa, zigor osoa beteta. Hala ere, Espainiako poliziak Biriatun utziko du Frantziako poliziaren esku, haren familiak zabaldu duenez. Hamar urtez Espainiako Estatuan sartzeko debeku eskaria egin du poliziak.
Harokarenek ofizialki Frantziako Estatuko agiriak ditu Parisen jaio zelako, baina betidanik Irunen bizi izan da, baita lanean aritu ere. Hego Euskal Herrikoa zuen ama, baina ez zituen berritu agiriak Frantziako Estatuan bizi izan ziren denboran.
Egoera hori salatzeko, Irungo Sortuk hainbat mobilizazio antolatu ditu datozen egunetan. Gaur bertan elkarretaratzea egingo dute Colon pasealekuan, 20:00etan, zehazki, Espainiako poliziaren komisariaren parean.
Ostiralean, berriz, batzar informatiboa izango da, 20:00etan, Moskun, Txanpiren egoera ezagutzera emateko. Azkenik, larunbatean, 19:00etan, manifestazioa egingo dute, San Juan plazatik abiatuta.
Espainiako poliziak estatuan sartzeko debeku eskaera egin duen arren, oraindik aztertu egin behar da, eta martxoaren 3an egingo dute. Edonola ere, senideak agiriak lortzeko lanean hasi dira.
Kasu berean zigortutako Emilio Castillo, otsailaren 6an geratu zen aske zigor osoa beteta.
Faisaneko auzipetuen alde egindako martxa, San Juan plazan.