Asteburu honetan hasiko dira inauteriak kaldereroekin larunbatean, eta inude eta artzainekin, igandean.
Asteburu honetan hasiko dira inauteriak Irunen. Larunbatean kaldereroen desfilea izango da, eta igandean, berriz, inude eta artzainena; astebete luze iraungo dute jaiek Irunen, Astearte Inautera arte.
Ekitaldi jendetsuenak hurrengo asteburuan, hilaren 25 eta 26an, espero dira, konpartsen desfileekin. Inoiz baino lagun gehiagok parte hartuko dute aurtengoan Juncal Eizagirre Kultura zinegotziak azaldu duenez. Guztira, 2.800 izango dira, eta hemezortzi konpartsa; iaz baino bi konpartsa gehiago. Batu diren konpartsa berriak Txorimaloak Soinu Taldea eta Aurreratu elkartea dira. Eizagirrek parte hartzea nabarmendu du, eta Gipuzkoako handienetakoa dela esan du. Horrenbestez, Irungo inauteriak “erreferentzia” direla iritzi dio.
Inauteriek 51.100 euroko aurrekontua izango dute, iaz baino %8 gehiago. Eizagirreren arabera, konpartsa batzuek beste urteetan baino partaide gehiago dituzte, eta diru laguntza gehiago lortzeko aukera izan dute. Gainera, konpartsen eskura lokal handiagoa eta baliabide hobeak jarri dituztela gaineratu du.
Konpartsetako kideek “ilusioz” daudela nabarmendu dute, eta azkenean, sei hilabeteko lanaren ondoren, irundar guztiek gozatzeko jaia prestatu dutela. Herritar guztiak gonbidatu dituzte ondo pasatzera.
Konpartsen desfilea, ohi bezala, larunbat arratsaldean izango da.
Zanpantzar eta Euskal inauteria
Euskal ohitura eta tradizioek ere tokia izango dute Irungo inauterietan, eta, batetik, Zanpantzar aterako da Ostegun Gizenean, eta jai guztietan presente egongo da, Astearte Inautean, sardinaren ehorzketan, erre arte. Euskal inauteriekin lotutako pertsonaia da Zanpantzar, eta garbiketa errituarekin lotuta dago, izpiritu txarrak eta gaitzak uxatzeko erretzen dute.
Bestalde, datorren larunbat eta igandean, baserri eremuan ere ospatuko dituzte inauteriak. Larunbatean, Eraiki eta Ibarla-Meaka dantza taldeak eta Txorimaloak soinu taldea ibiliko dira Behobia, Meaka eta Anaka auzoetan, hurrenez hurren. Igandean, berriz, Egoipar-Meaka, Meakako Adixkideak eta Kemen dantza taldeak ibiliko dira, Meaka eta Olaberria auzo inguruan.
Horrez gain, larunbat goizean euskal inauteria egingo dute Kemen dantza taldearen eskutik. Aurten, Luzaideko inauterien gaia hartu dute.
Aitor Otxoa (San Vicente de Paul), Ainhoa Pardo (Ainhoa dantza eskola), Juncal Eizagirre Kultura zinegotzia eta Dori Francho (La Salle) inauterien aurkezpenean.