Biteri kaleko behin behineko egitura ireki zutenean 2016ko lehen hiruhilekora arte martxan egotea espero zuten. Urtebete atzeratu dira lanak.
Zuloaga Etxea eta ondoko etxea, gaur goizean, lanak hasi aurretik
Gaur goizetik hiru hilabete. Hori da, dena ongi, Hondarribiko udal liburutegiari Zuloaga Etxea jauregira itzultzeko falta zaiona. Udalak jakinarazi duenez, gaur goizean zen hastekoa Zuloaga Etxeko eta ondoko sotoko lanen azken zatia: “Teilatua konpontzen, fatxada garbitzen, eta Zuloaga Etxearen ondoko eraikinaren balkoiaren egoera aztertzen hasiko dira”. 125.188 euroko aurrekontua dute lan hauek.
Asko luzatzen ari dira Zuloaga Etxea berritzeko lanak; dagoeneko
urtebeteko atzerapena daramate. Juan Mari Altuna zerbitzuetako zinegotziak aurreratu duenez, gaur abiatuko diren lanak azken urratsetako bat izango dira: “Lehenik liburutegi berria eraikitzeko lanei ekin zitzaien, orain materiala eta altzariak eskuratzeko lehiaketa burutzen ari da, eta azkenik eraikinak behar dituen azken ukituak egingo dira”.