Hondarribiarrek hutsuneak asko nabaritu zituzten. Tolosarrek kanpoan irabazi duten lehen partida izan da.
Aurreko bi partidak sailkapenean goitik zituen taldeen kontra irabazi ondoren, azkenaren Tolosaren kontra etxean galdu du Il Capo Hondarribia eskubaloi taldeak, etxean gainera (24-27).
Oso partida parekatua izan zen, etxekoak hasi ziren aurretik baina inoiz abantaila handirik lortu gabe; atsedenaldira 13-13ko berdinketarekin iritsi ziren. Bigarren zatia antzerakoa izan zen, orain bat aurretik, orain bestea, baina gol bakarreko edo bi goleko aldearekin. Bost minutu falta zirenean 23na zeuden bi taldeak, baina lehiaren azken jokaldietan kanpotarrek 1-4 partziala lortu zuten, eta bi puntuek Hondartzatik alde egin zuten.
Partidaren amaieran tolosarren oihuak entzutea baino ez zen behar ezustekoa eman zutela ulertzeko. Sailkapeneko zulo beltzean zeuden Hondartzara iritsi aurretik, eta oraindik daude, baina gutxiago. Gainera, Escolapiosen kontra irabaztetik zetozen, eta Hondarribian erakutsi zuten bigarren itzuliko Tolosak ez duela zerikusirik lehen itzulikoarekin.
Arnasa hartu zuten tolosarrek Hondartzan eta Il Capo Hondarribiaren bolada onari amaiera eman zioten. Aurreko bi partidak irabazi zituzten berdeek eta sailkapeneko azkenaren bisita baliatu nahi zuten goranzko joerari eusteko. Baina ezinezkoa gertatu zitzaien, hutsuneak asko nabaritu zituzten —berriro bigarren taldeko bi jokalari erabili behar izan zituzten— eta, gainera, aurreko partidako goleatzaile onenak, Jon Romok min hartuta utzi behar izan zuen partida. Lau gol sartuta aldegin zuen Romok; Ion Bergesek zazpi sartu zituen eta hiruna Mikel Bazkezek eta Iker Mateosek.
Porrotaren ondoren bederatzigarren postura jaitsi da Il Capo Hondarribia; irabazita seigarrenarekin berdinduko luke, eta horrek adierazten du zer nolako borroka dagoen Euskal Ligako erdialdean. Hurrengo partida kanpoan jokatuko dute hondarribiarrek, Deustu-Loiolaren kontra. Partida oso zaila izango da bi taldeentzat, denera berdinduta baitaude, zortzina garaipenekin eta hamarna porrotekin.
Jon Romok mina hartu zuen. Irudia artxibokoa da