Hamalau urterekin nagusiekin aritzen da Patxi Moreno Gipuzkoako Ohorezko Mailan. Egungo gazteekin Marlaxkaren beste urrezko garai bat iritsi daitekeela uste du.
Xake Mate azkarrena Espainiako Txapelketan egin zuen, hamahiru-hamabost mugimenduetan
Marlaxka Xake Elkarteak bost talde ditu nagusien Gipuzkoako ligetan, lehen taldea Ohorezko Mailan. Garai batean Euskadikoan lehiatzen zen, eta txapeldun izatera iritsi ziren. Horrela jarraitzen baduzue izango da Marlaxkaren beste urrezko garai bat, ez?
[Irribarre egiten du] Izan daiteke, baina badaude beste klub batzuk jendea fitxatu egiten dutenak, eta zaila da horien aurka lehiatzea. Garai batean hemen oso jende ona izan zen, eta emaitza onak lortu zituzten. Baina bai, [burua altxatuz] izan daiteke, bai.
Behintzat kluba piztu da, xakea sustatzeko lan handia egiten ari dira Bidasoan, eta azken urteotan gaztetxo pila bat elkartu zarete… Asko handitu da Marlaxka zuekin.
Bai, begira, asteotan eskolarteko eskualdeko txapelketa egiten ari dira, eta haur pila batek eman du izena. Dagoeneko jende gehien duen Gipuzkoako bigarren taldea da Marlaxka [Grosen atzetik], eta asko haurrak dira.
Zu zeinekin aritzen zara gehienetan, gaztetxoekin ala nagusiekin?
Denetarik. Elkarrekin aritzen gara hemen entrenatzen. Gaur [asteazken arratsaldean egin zen elkarrizketa], adibidez, hamabi pertsona elkartuko gara, nagusiak eta gazteak. Talde barruan txapelketa bat egiten ari gara eta denetarik ari gara, maila pixka bat daukagunak.
Horrelako batean nahiko zenuke ibili, Euskadiko ligan aritzeko?
Ez, ez. Ni hemen [mahaia joz], hiltzeraino! Gipuzkoako Ligatik bada Euskadikora igotzeko aukera. Marlaxkarekin hori lortzea nahiko nuke.
Zu Ohorezko Mailako taldean hasi zara aurten. Zer moduz zabiltzate?
Bai, orain arteko hiru jardunaldiak irabazi ditugu, baina beste talde batzuek gauza bera egin dute eta asko falta da.
Eta, nola izaten da? Hamalau urterekin, 50 urtetik gora dituen baten aurrean. Nola begiratzen dizute?
Bai, gehienetan horrela da. Badaude gazte batzuk, baina ia beti horrela izaten da. Orain ez hainbeste, baina lehen arraro begiratzen zidaten, usakume bat bezala… Batzuek ez dute ondo eramaten; hasieran ez diote haur bati irabazi nahi, gero ez dute galdu nahi, eta galtzen dutenean, nabaritzen zaie haserretzen direla. Baina azkenean [pentsakor], xakea besterik ez da.
Hondarribiko Kasino Zaharreko ganbaran entrenatzen eta jokatzen du Marlaxka taldeak
Gogoratzen al duzu zure partida luzeena zein izan zen?
Bai, Kantabrian, Pielagos herrian uda bukaerako torneo batean. Sei ordu inguruko partida izan zen, galtzeko gainera. Bukaeran ez zaude partidan pentsatzen, bost ordu eta gero ez dakizu ezta zer ari zaren egiten.
«Hasieran nagusiek ez diote haur bati irabazi nahi, gero ez dute galdu nahi»
Ez zaizu tokatzen orduan etxera joan eta buruari bueltak ematea?
Bai, hori askotan gertatzen da. Hoberena da ez egitea, partida bat bukatzen denean, edo txapelketa bat bukatzen denean, ahaztea. Bestela, hurrengoan eragiten du, partida jokatzen hasi eta aurrekoan pentsatzen zaude; hori gertatzen denean dena gaizki atera daiteke. Komeni da hori egitea, ahaztea, baina batzuetan ez da erraza.
Xake mate azkarrena zenbat mugimendutan egin duzu?
Benidormen izan zen. [Pentsakor] Hamabost, hamahiru…
Eta galdu duzun partida azkarrena?
[Burua jaitsiz] Uf. Kubatar batekin izan zen, oso ona zen. Momentu batean bota ninduen, ez dakit, agian hogeita hamar mugimendu izan ziren, baina bai, sekulako jipoia eman zidan. Jokatu aurretik banekien zer gertatuko zen. Hain onak direnekin badakizu horrela izango dela.
Eta horrelakoetan zerbait ikasten duzu?
Guk ere oso onak diren entrenatzaileak ditugu, eta haiekin partidak aztertzen ditugunean bai ikasten dugu. Momentuan ez zara enteratzen, baina partida haiekin aztertuta, ulertzen duzu zer gertatzen den, zer egin duzun gaizki.