Ainara Oskoz eta Miren Gonzalez Goikoetxea artistek Marte sorkuntza laborategia martxan jarri dute Irunen. Ikastaroak ere ematen dituzte.
Ainara Oskoz eta Miren Gonzalez Goikoetxea artistek Marte sorkuntza laborategia martxan jarri dute Irunen. Bertan tailerra izateaz gain, ikastaroak ematen dituzte. Sorkuntza prozesuari ematen diote garrantzia emaitzari beharrean.
Ainara Oskoz eta Miren Gonzalez Goikoetxea.
Zer da Marte?
Miren Gonzalez Goikoetxea: Marte sorkuntza laborategi bat da. Bi bloketan banatzen dugu. Bloke bat gu gara, artista bezala, eta bakoitzak bere proiektu pertsonalak garatzen ditu bertan. Ni margolaria naiz, eta Ainara [Oskoz] margolari eta eskultorea. Bigarren partean arte tailerra dago.
Nolatan sortu zenuten?
Ainara Oskoz: Aspaldi beste proiektu batean ginen, eta hura erdibanatu, eta Miren eta ni geratu ginen. Hala, Marte sortu genuen. Ibilbide bera jarraitzen dugu, baina beste toki batekin eta beste izen batekin.
Nola funtzionatzen du? Zein ekintza egiten dituzue?
Oskoz: Momentuz, batetik, gure proiektu pertsonala garatzen ari gara; eta bestetik, sorkuntza laborategian, oraingoz, txikien talde bat daukagu, eta irekia dago helduentzat. Ostiralero ematen ditugu klaseak. Gero, puntualki tailer bereziak egingo ditugu, esaterako, larunbatean [bihar]. Horrez gain, beste artista batzuk etortzea nahi dugu, edozein diziplinetakoak. Espazioa utzi nahi diegu euren ideia garatzeko, eta ekintza bat egiten dute.
Gonzalez Goikoetxea: Beti da aberasgarria norbait berria etortzea, eta berak ematea tailertxo bat; eta, era berean, jendea erakartzea. Beti behar izaten da toki bat, eta, gainera, ikus dezake jendeak zer harrera egiten duen.
Zein balore transmititu nahi dituzue Marten?
Oskoz: Formazioan, adierazpen librea lantzea; ez izatea beldurrik. Haur askok beldurra diote gauzak ondo edo gaizki egiteari. Hori ez da hemen lantzen. Guretzat garrantzitsuena ikasten duzuna da, ez emaitza. Horregatik, hemen egiten dituzten lanak ez dituzte etxera eramaten. Taldeko lanak egiten ditugu normalean.
Gonzalez Goikoetxea: Guri ez zaigu gustatzen teknikarekin hastea, teknika bukaeran dator. Norbait hemen sartzean lan pertsonal bat egiten dugu, nondik nora doan pertsona hori, haurra nahiz heldua izan. Bidean laguntzen diogu, eta, gero, bukaeran, iritsiko gara teknika ikastera. Garrantzi gehiena sorkuntzari ematen diogu: zuk zer egin nahi duzun ikusi eta hori adierazten edo kanporatzen lagundu. Asmoa da ideia bat daukagunetik, ikerketa txiki bat egitea irudien aldetik; eta lehenengo marrazkitik ideia nola garatzen den ikustea. Agian egon daiteke bukaera bat edo ez.
Oskoz: Guretzat oso garrantzitsua da gure tailerra besteei irekitzea ere, horrela ikusten baitute nola lan egiten duten artistek.
Lan ildo hori garatzeko errazagoa da haurrekin lan egitea helduekin baino?
Gonzalez Goikoetxea: Bai. Hasieran, ikusten genuen haurrek gauzak etxera eraman nahi zituztela, eta ez zuten ondo ulertzen zergatik ezin zituzten eraman.
Etxera eramatearen zentzua da, beraz, emaitzak ez duela horrenbesteko garrantzia, ezta?
Oskoz: Hori da, ez du garrantzirik. Gero, esaten diegu gu geu garela kritikoak gure obrarekin, orduan, ez du zentzurik etxera eramatea obra norbaitek esateko ondo edo gaizki dagoela, edo polita edo itsusia dela. Norbera kontent egon behar da egiten duen lanarekin.
Gonzalez Goikoetxea: Gainera, saiatzen gara umeak berak dena egin dezala; guk laguntzen diogu, baina saiatzen gara emaitza berea izaten, adinaren arabera.
Oskoz: Guk ideiak ere ematen ditugu, baina asmoa da denborarekin taldeak berak sortzea. Horrek ematen du aberastasuna.
Nola lan egiten duzue?
Oskoz: Materiala bistan daukate, eta beraiek aukeratzen dute.
Gonzalez Goikoetxea: Material birziklatua ere asko erabiltzen dugu.
Martxan duzuen taldean 4-14 urteko haurrak daude, eta denak batera jartzen dituzue.
Oskoz: Denek denengandik ikastea da asmoa. Ikusi dugu oso aberatsa dela horrela. Hasieran, banatu egiten genituen oso txikiak baziren, orain batzuetan ere, baina ikusi dugu beraien artean konpontzen direla, eta txikiek erakusten dietela handiei, eta handiek txikiei. Erabaki genuen denek ekintza bera egitea, eta bakoitzak dagokion moduan egingo duela.
Goikoetxea: Horrekin lotuta, familia ekintzak egiteko asmoa dugu. Martxan jartzen ari gara gai horrekin.
Badirudi umeek, oro har, nerabezaroan uzten diotela marrazteari. Eta badirudi, helduak marrazten hasten direnean, haurtzaroan bezala hasten direla. Erraza al da utzitako bidea berreskuratzea?
Oskoz: Erraza izan daiteke irekia bazaude, benetan ikasi nahi baduzu. Azkenean, lehen utzitako tokira konektatzen zara. Heldu batzuekin gertatzen da asmo konkretuekin etortzen direla: ‘olioa ikasi nahi dut, eta argazki hau egin nahi dut’. Guk ez dugu horrela funtzionatzen. Ikasketa prozesu bat da, eta pazientzia beharko dute horreraino iristeko.
Gonzalez Goikoetxea: Lotsak alde batera utzita etorri behar zara. Helduok zerbait ez badugu egin denbora luze batean lotsa sartzen zaigu.
Ainara. Formazioa zure proiektuaren zati bat da. Zertan datza zure egitasmoa?
Oskoz: Eskoletan ibiltzen naiz, eta bertan, ez da askotan lantzen arte heziketa. Orduan, proiektu artistikoak eskoletan lantzen hasi nintzen, eta hori nire lanean txertatzen dut. Plastikako ikastaro bereziak egiten ditut, eta beste ikasgaiak ere plastika bidez ematen saiatzen naiz.
Gonzalez Goikoetxea: Gu beti gaude aitzakia baten bila lanean hasteko.
Oskoz: Bai. Buruan dudan ideia proposatzen diet, umeek lantzen dute, eta, gero, hori moldatzen dut nire lanera.
Miren. Zu, berriz, zein proiektu pertsonal ari zara garatzen?
Gonzalez Goikoetxea: Saharako lurralde okupatura joan nintzen, eta han bizitakoak irudikatu nituen koadroetan. Normalean, bi urte egiten ditut proiektu bakoitzarekin. Hau luzatu egin da, ume bat eduki dudalako tartean. Askotan gauza naturalekin hasten naiz, eta, gero, abstrakzioaren bidea hartzen dut. Azkenekoa psikologikoagoa, adierazgarriagoa eta inprobisatuagoa izan da. Horiekin saiatzen naiz erakusketak egiten eta lana mugitzen.
Oskoz: Horretan modu antzekoan egiten dugu lan: gai bat hartu, eta sakondu azkenera arte. Batzuk epeak dituzte eta besteek ez. Adibidez, nik, erretratuak egiten hiru urte daramatzat.
Gonzalez Goikoetxea: Ainarak teknikak nahasten ditu gehiago, baina ni oso fidela naiz: olioa mihisearen gainean.
Oskoz: Batzuetan hiru dimentsioak ikusi nahi izaten ditut. Plastikoki egiten dudana irudikatu behar dut dena osotasunean ikusteko.
Inauterietako tailerra egingo dute bihar
Tailer bereziak egiten dituzte, tarteka, Marten, eta bihar, horietako bat izango da, inauteriekin lotuta. Bi ordu iraungo ditu, 10:30etik 12:30era, eta dohainik izango da. Tailer honetan edo beste edozeinetan parte hartzeko martelaborategia@gmail.com-era idatzi edo deitu 678 94 83 15 edo 665 72 46 84 telefono zenbakietara. Marte Irungo Virgen Milagrosa kalean dago, 20. zenbakian.