III. Hondarribia-Endanea Txakurkrosa egingo dute igandean Talaia bidean. Ohikoaz gain, bikejoring modalitatea antolatu dute lehen aldiz.
Euskadiko Txakurkros Ligako proba izango da lasterketa nagusia
Hondarribia-Endanea Txakurkrosa egingo dute igandean Talaia bidean, Higer farolaren inguruan.
Euskanikross Kirol Elkartea ari da antolatzen eta, berrikuntza bezala,
bikejoring modalitatea izango da lehen aldiz, bizikletarekin egiten dena. Horrekin batera, Euskadiko Ligarako puntuagarria izango den proba eta federatu gabeentzat eta haurrentzat ere izango dira lasterketak.
Atzo aurkeztu dute proba Hondarribiko udaletxean eta bertan izan dira Kalixa Silanes Kirol zinegotzia, eta Sara Vicente eta Julen San Migel, Euskanikrosseko kideak. Silanesek herritarrei egin zien gonbita, igandean farola ingurura hurbiltzeko: “Lasterketa desberdinak daude, eta udaletik dei egin nahi nieke herritarrei Talaia bidera hurbiltzea igandean. Pena merezi du, kirol ikusgarria da txakurkrosa”.
Goizeko bederatzietatik aurrera izango da zer ikusi, baina probak 10:00etan hasiko dira. Aurrena,
bikejoring modalitatea egingo dute. “Txakurrak txirrindaren aurretik joaten dira diziplina honetan —azaldu zuen Vicentek—; berria da eta ikuskizun ederra izan ohi da”.
Lau proba guztira
Proba nagusiari 10:30ean emango zaio hasiera. Euskadiko Txakurkros Liga barruko lasterketa izango da eta Euskal Herriko bikote onenak bertaratuko direla aurreratu dute Euskanikrosseko ordezkariek, “baita Espainiako Estatutik etorritako kirolariak ere”.
Lasterketa nagusiaren ondoren egiteko beste bi proba antolatu dituzte, federatu gabeentzako lasterketa (11:45etik aurrera), eta haurrentzako lasterketa txiki bat, 12:00etan hasiko dena.
Aurten ere goi mailako kirolariak eta hasiberriak bilduko ditu Higer aldean egingo duten III. Hondarribia-Endanea Txakurkrosak. Gizakia ala zakurra izan, Euskanikrossek plan polita antolatu du igandean Hondarribian goiz pasa egiteko.