Kultur Etxeko 103 aretoan (Denda kalea, 18) elkartuko da herriko Korrika batzordea. Bihar egingo dute lehen bilera.
Duela bi urteko Korrika Txikia, Santiago kalean sartzen
Bihar, ostegunez, elkartuko da lehen aldiz Hondarribiko Korrika batzordea. Denda kaleko Kultur Etxean egingo dute bilera, 19:00etan, 103 aretoan. Bilera irekia dela jakinarazi du AEK-k, eta Korrika antolatzeko ehunka pertsonen laguntza behar dela erantsi dute: “Korrikaren helburuak bete daitezen guztion ekarpena eta ahalegina dira beharrezkoak. Denon parte hartzeaz lortuko dugu Euskal Herri euskalduna eta guztion esku eta oinei esker eraman ahal izango dugu euskararen lekukoa Otxandiotik Iruñeraino”.
Apirilaren 4an iritsiko da Korrika Bidasora, eguerdian. Biharko bileran, besteak beste, Korrikak herrian egingo duen ibilbidea zehaztuko dute, proposamenak jaso, eta bestelako lanak zehaztu: “Herrian egin beharreko lanak zerrendatu eta banatuko ditugu. Jakin badakigu denok ez ditugula aukera berberak gure ekarpenak egiteko, eta horregatik, hain zuzen ere, konpromisorik gabe etor zaitezen eskatzen dizugu”.