Bizkaitarren aurka irabazita zortzigarren postuan jarri da Il Capo Hondarribia. Igandean azkenaren kontra jokatuko du etxean.
Iker Mateos eta Jon Romo (irudian, aurreko partida batean) izan ziren goleatzaile nagusiak
Il Capo Hondarribia eskubaloi taldeak garaipena lortu zuen larunbatean Urdulizko Iparralde kiroldegian, Euskal Ligako hamazazpigarren jardunaldian (30-37). Partidaren aurretik sei punturen aldea zegoen sailkapenean Urdulizen alde, baina
astebete lehenago hondarribiarrek erakutsi zuten bolada oso onean daudela, eta larunbatean berretsi zuten.
Zenbait hutsune garrantzitsuekin bidaiatu zuen Javi de la Hazaren taldeak Bizkaira, eta bigarren taldeko hiru jokalari eraman behar izan zituzten. Nolanahi ere, partidaren hasieratik markagailuan aurretik jarri ziren hondarribiarrak, eta atsedenaldira bi goleko errentarekin iritsi ziren (15-17).
Bigarren zatiaren azken minutuetara arte ez zen erabaki lehia. Etxekoak indartsu atera ziren atsedenalditik eta 40. minutuan markagailua berdintzea lortu zuten (21-21). Baina Hondarribia Eskubaloiak arazoei irtenbidea aurkitu zien eta pixkanaka-pixkanaka norgehiagoka bere alderantz eramatea lortu zuen. Bost minuturen faltan aldea hiru golekoa zen bakarrik, baina De la Hazarenek hobeto bukatu zuten partida.
Taldeak gol asko sartu zituen arren, bakarrik sei jokalariren artean banatu zituzten, izandako hutsuneen adierazle. Jon Romok eta Iker Mateosek 12na gol sartu zituzten, eta Erik Jimenezek eta Eloy Etxaburuk 5na.
Hurrengoa, azkenaren kontra
Urdulizen lortutako bi puntuei esker, eta Txikipolitek galdu duenez, postu bat irabazi du Il Capo Hondarribia taldeak. Zortzigarrena jarri da taldea, 16 punturekin. Hurrengo partida etxean dute hondarribiarrek, sailkapeneko azkena Tolosaren kontra. Huts egiten ez badute, seigarren tokiraino jauzi egiteko aukera izan dezakete, Donibanek eta Muskizek partida zailak dituztelako.
Baina lehenik, etxeko lanak egin behar dituzte berdeek, eta Tolosa Escolapiosi irabaztetik etorriko da Hondartzara. Igandean izango da partida, 12:00etan, bigarren taldeak Munttarperekin jokatuko duenaren ondoren.