Ezagutu Zure Hiria programak Jose Etxenagusia artistaren figura landuko du. Hondarribian jaio zen 1844an baina bizitza erdia Erroman eman zuen.
Jose Etxenagusia margolariaren bustoa, Murrua kalean
Jose Etxenagusia Errazkin margolari hondarribiarraren izena eta izana balioan jarri nahi dute aste honetan Arma Plaza Fundazioaren
Ezagutu zure Hiria programaren barruan. Garai bereko beste artista batzuen ospea gorde ez duen arren, nazioartera jauzia eman zuen lehen euskal artista izan zen —Eduardo Zamacois bilbotarrarekin batera—, Ignacio Zuloagaren aurretik.
Ostegunean, Montserrat Fornellsek
Jose Etxenagusia Errazkin margolaria, ospe handiko ezezaguna goiburuko hitzaldia eskainiko du Arma Plaza kultur gunean, 19:00etatik aurrera. Eta larunbatean, Etxenagusiari buruz gehiago ezagutzeko aukera izango da, Fornellsek berak gidatuko duen bisitaren barruan.
Bisita gidatua 11:00etan abiatuko da Arma Plazatik, eta ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea.
Posta elektronikoz egin daiteke, edo 943 64 36 77 telefono zenbakira deituz. Biak, bisita nahiz hitzaldia, doan eta gaztelaniaz izango dira.
Erroman nabarmendu zen
Jose Etxenagusia 1844an jaio zen Hondarribian, baina artista bezala Bilbon, Venezian eta Erroman nabarmendu zen; Italiako hiriburuan
Etxena ezizena jarri zioten, abizen zaila zuelako. Batez ere Frantzian inpresionismoa eta modernismoa bogan zeuden garaian bizi izan zen arren, bere estiloa akademizista zen, eta kolore biziko pintzelada soltek erabiltzen zituen, preziosisten tankeran. Horregatik ezarri zen Erroman 1976an, estilo horretako margolari adierazgarrienak bertan lan egiten zutelako.
Erroman hamabi urte zeramatzala, jaioterrira itzuli zen eta hainbat lan burutu zituen bertan, besteak beste, herriko armarria berregin zuen, Aste Santuko jantziak diseinatu, eta parrokian Kristo kalbarioan murala margotu zuen. Ondoren Erromara itzuli zen, eta han geratu zen 1912an hil zen arte.
Bere obra ezagunenak,
Kristo Golgotan —obra orijinala desagertua dago—, eta
Sanson eta Dalila (Bilboko Arte Ederren Museoan) dira.
Etxenagusiaren ‘Kristo Golgotan’ margoaren zirriborro bat; margoa desagertua dago