Bospasei laguneko hamahiru talde biltzen dira astero eta otsailean beste hiru martxan jarri nahi dituzte, eta dauden batzuk handitu.
Euskara hitz egiteko ohitura ez dutenek, dutenekin mintzapraktika egitea da Mintzalagunaren xedea
Hondarribiko Mintzalagunak hiru talde berri osatu nahi dituzte otsailean. Astelehen goizetan, ostiraletan 16:30ean eta larunbat goizetan elkartuko lirateke talde berri horiek. Interesdunek,
posta elektronikoz edo 688 86 53 98 telefono zenbakira deituz eman dezakete izena.
Hondarribian 80 pertsona ari dira mintza praktika egiten, 5-6 laguneko hamahiru taldetan banatuta, eta beste hiru talde abiatu nahi dituzte otsailetik aurrera. Udala oso pozik dago kopuruokin: “Datuak oso onak dira, Mintzalagunari esker ia 80 lagun baitabiltza astero-astero Hondarribian euskaraz hizketan bost bat lagunek osatutako hamahiru taldetan banatuta”.
Orain, hamahiru talde ari dira Hondarribian eta horietako batzuetan lekuren bat badago. Hala, otsaileko talde berrietan izena emateaz gain, ari direnetan ere apuntatzeko aukera dago. Honakoetan: astelehenetan 19:00etan, asteazkenetan 10:00etan eta 18:00etan, ostegunetan 10:00etan eta 18:00etan, eta ostiraletan 19:00etan. Horiez gain, lehenago aipatutako hiru horiek, otsailetik aurrerako talde berriak.
Egonkortua, eta handitzen
Hondarribiko Udaleko Euskara Zerbitzuaren egitasmoa da Mintzalaguna, Topagunea Euskaltzaleen Federazioarekin elkarlanean aurrera eramaten duena. Euskara ikasleak edota hitz egiteko ohiturarik ez dutenak, eta euskal hiztunak harremanetan jartzen ditu programak, mintzapraktika egiteko. Astero ordubeteko saioetan biltzen dira eta urtean zehar hainbat irteera programatzen dituzte, herritarrei irekiak direnak, baina Mintzalaguna programan izena emandakoei lehentasuna ematen dietenak.
Laugarren urterako egonkortua dago programa eta, bistan denez, handituz doa. Topaguneko Mintzapraktika ataleko arduradunaren ustez, sinpletasunean dago gakoa: “Formula sinplea izateari zor zaio Mintzalaguna egitasmoaren arrakasta. Formula sinplea da, eta nik uste sinpletasun horri zor zaiola, eta baita ere irakaskuntza araututik eta zurrunetik kanpo egiten den jarduera izateari; lasaitasunean, aisiarekin lotuta eta lagun artean egiten da. Konfiantza gune bat sortzen da, eta horrek ematen die aukera euskaraz lasai egin eta hobetzeko”.