Bosgarren postuan sendotu da taldea, aurrekoetatik oso gertu dago. Larunbatean liderraren kantxa bisitatuko dute hondarribiarrek.
Express Hondarribia Ikasbasket saskibaloi taldeak ez zuen hutsik egin asteburuan, eta Las Bellotas taldearen kontra irabazi zuen Gasteizen (48-63). Liga erregularraren amaieran lehen bost postuetan sailkatu nahi badu —lehen sailkatua zuzenean igoko da Lehen Mailara eta hurrengo lauek igoera kanporaketara jokatuko dute—, bere aurkari zuzenen kontra ahalik eta puntu gehien lortu behar du taldeak, eta hori bera egin zuten larunbatean, norgehiagokaren aurretik bosgarren postuan berdinduta baitzeuden bi taldeak.
Gasteizen, partidaren hasieratik aurrea hartu zuten hondarribiarrek, baina aurkariak ez zuen inoiz etsi. Atsedenaldira zortzi puntuko aldearekin aurretik joan zen Ikasbasket, baina hirugarren laurdenaren hasieran markagailuan hurbildu ziren etxekoak. Defentsa estutuz, 0-13ko partziala lortu zuten berdeek eta lehiaren amaierara arte aldea mantentzea lortu zuten. Bukaeran, hemezortzi puntuko aldea eta, garrantzitsuena, beste bi puntu sailkapenerako.
Larunbatean liderraren kontra
Garaipenarekin seigarrenarekiko bi garaipeneko tartea ireki du Ikasbasketek. Bosgarren daude, Embalajes Blancorekin hamar garaipenera berdinduta, eta bigarren postutik garaipen bakarrera (Burdinola Getxok eta Navarro Villosladak 11na dituzte—. Campus Promete liderrak sendo jarraitzen du, 12 garaipenekin eta partida bat gutxiago jokatuta.
Hain zuzen ere, Campus Prometeren kontra jokatuko du Ikasbasketek hurrengo jardunaldian. Ez da partida erraza izango, gutxiago Logroñon jokatuko dutela kontuan izanik. Ligako eraso onena (Promete), eta defentsa estuena (Ikasbasket) aurrez aurre izango dira Adarragan.
Bosgarren da Ikasbasket, bigarrenetik partida bakarrera. Argazkia, aurreko partidakoa da.