Igandean etxean Corazonistasi irabazi eta gero, beste urrats bat eman nahi dute hondarribiarrek.
Partida serioa egin zuen taldeak, defentsan nahiz erasoan
Il Capo Hondarribia eskubaloi taldeak bigarren garaipena jarraian lortu nahi du bihar Urdulizen. Joan den igandean Corazonistasen kontra garaile atera ziren Javi de la Hazaren mutilak (29-22), gehiegi luzatu den bolada txarrari amaiera emanez —aurreko zazpi partidetan garaipen bakarra lortu zuten, eta sei porrot—.
Igandean oso partida serioa egin zuen taldeak, baloi gutxi galduz eta pazientzia handiarekin erasotuz. Valentin Leonek Euskal Ligako atzezain onenetakoa dela erakutsi zuen, ia ezinezko baloiak geldituz; taldeari kontraerasoan jokatzeko aukera eman zion eta, gol bat ere lortu zuen, atetik atera atezain bilbotarra ezustean harrapatuta.
Defentsan oso txukun aritu zen taldea, denok lagundu zuten. Eta erasoan ondo mugitu zuten baloia, erotu gabe. Mikel Bazkez nabarmendu zen, 11 gol sartuta; Jon Romok, Iker Mateosek eta Jon Bergesek, launa.
Garaipenaren ondoren arnasa hartu du taldeak, eta bederatzigarren jarri da Dustu Loiolarekin berdinduz. . Kostatuko zaio bolada txarra ahaztea baina bihar irabaziz gero jauzia eman dezake, bi aste barru etxean azkenaren kontra jokatuko baitu.
Bihar, Urdulizen
Urdulizen jokatuko du bihar Il Capo Hondarribiak, 20:00etan. Bizkaitarrak bosgarren daude 20 punturekin, hondarribiarrek baino sei gehiago, baina bi taldeen arteko aldea ez da hori. Lehen itzulian, Hondartzan, etxekoak sei golez nagusitu ziren.
Hutsunerik gabe, joan den igandeko seriotasuna erakutsiz gero, Bizkaitik bi puntuak poltsikoan itzuli daiteke Il Capo Hondarribia taldea.